Bilerak hilero deitu dituztela jakitera eman du Parekidetasun zinegotziak.
Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquez (Aritz Mutiozabal)
Argazkia eta iturria: ZarauzkoHitza
Parekidetasun kontseilua ez dela bertan behera utzi eta «jardunean jarraitzen» duela adierazi du Parekidetasun zinegotzi eta kontseiluko presidente Gloria Vazquezek, kontseiluko hainbat emakumek atzo arratsaldean organoaren egoeraren inguruan eginiko agerraldiari erantzunez. Era berean, bertan parte hartu zutenetatik bost besterik ez direla kontseiluko kide nabarmendu du.
Uztailaren 11n bilera bat egin zutela ekarri du gogora, eta bertan hainbat gai –Emakunderen Parekidetasun Foroa, indarkeria sexistaren protokoloa, Jabetze Eskolako programazioa eta azaroaren 25eko jardunaldiak– jorratzekoak baziren ere, «ezin izan genituen garatu, kontseiluko kideetako batek aztergaiekin zerikusia ez zuten beste gai batzuekin hasi zelako«. Uztailaren 26an Jabetze Eskolari eta indarkeria martxistako jardunaldien inguruan ekarpenak egiteko mezua helarazi zutela dio Vazquezek, baina ez zutela proposamenik jaso. Urriaren 3an Santa Klarako pasabidearen harira alkatearekin elkartu zirela dio, eta azken deialdia azaroaren 8rako egin zutela, Parekidetasun Ordenantza tratatzeko Elhuyarreko ordezkariekin eta biek bakarrik baieztatu zutela asistentzia.
Bilerak hilero deitu dituztela jakitera eman du Parekidetasun zinegotziak, abuztuan izan ezik. Horrez gain, gogoratu du martxoaren 8rako egin ziren ekitaldietan Zarauzko Sare Feministarekin elkarlanean aritu zirela, bai antolakuntza aldetik bai ekonomikoki.
Kontseiluko beste kide batzuen iritzia
Zinegotziak helarazitako oharrean kontseiluko beste emakume batzuen iritzia ere jaso du. «Politika albo batera utzi behar da. Herritar gisa joaten gara kontseilura, ez politiko gisara, eta interesatzen zaiguna da feminismoagatik eta emakumagatik lan egitea; eta ez emakumearekin zerikusia ez duten gaiez eztabaidatzera».
Adin, ikuspegi politiko eta jatorri guztietako emakumeez osatuak egon behar dutela diote: «Funtsean, emakume guztiek barneratu behar dira, barneratzen ez den kolektiboa ikusezina bihurtzen direlako. Guztiok egon behar dugu ordezkatuta eta modu pluralean parte hartu».
Vazquezek kontseiluan parte hartzera animatu ditu herriko emakumeak. «Niretzat luxu bat da horrelako parte-hartze organo bat izatea, Parekidetasun departamentuarekin kolaboratzeko eta inplikatzeko prest dauden pertsonez osatua dagoena», adierazi du zinegotziak: «Elkartzen gaituena azpimarratu behar dugu: parekidetasunerako lan egitea eta emakumeen eskubideetan aurrera egitea». Abendutik aurreraparte-hartze prozesua jarraiko dute abian, kontseiluaren helburuak azaltzeko eta kide berriekin indartzeko.