Argazkia: Amaia Ventas (Hitza) Iturria: UrolaKostako Hitza
Zarauzko Udal Gobernuak Urteta ixteko eskatuko du biharko udalbatzarrean, mozio bidez. «Nork eta Bilduk. Euren eskuetan izan dute zabortegia ixteko aukera eta beharra, eta ez dira gai izan hori betetzeko», salatu du Gloria Vazquez PSE-EEko zinegotziak. «Errua, ordea, beste bati leporatzen diote». Gogoratu du Zarauzko alkateak esan zuela Urtetako zabortegia itxi egingo zutela. «Dena den, errauste planta geldiarazi zutenetik argi zegoen zabortegien itxiera atzeratu egingo zela. Are gehiago alternatibarik gabe».
Errauste planta geldituta, Bilduren «betebeharra» alternatiba bat «ahalik eta lasterren» martxan jartzea zela ohartarazi du Vazquezek: «A plana aldatzea erabakitzen bada, B plana martxan jartzea ezinbestekoa da. Bilduk, ordea, dena geldiarazi du». Bilduk hiru urte eta erdi pasatzen utzi dituela salatu du Vazquezek, eta ez duela «ezer» egin. «Emaitzak agerikoak dira: zabortegiak ezin dituzte itxi».
Lore Suarez PSE-EEko Gipuzkoako ingurumen idazkariak, Emiliano Cabañas Zumaiako PSE-EEko zinegotziak eta Vazquezek egin dute agerraldia gaur eguerdian. Bilduk TMB planta egiteko baimenik ez duela jaso esanez “bere burua zuritzen” duela salatu du Suarezek: “Hori da Bilduren ohiko jarrera. Ez ditu betebeharrak garaiz egiten, eta errua beste bati botatzen dio”. Horrek guztiak herritarrengan eragina izango duela nabarmendu du, “ondorio ekonomikoak eta baita ingurumenari dagozkionak ere”.