Gipuzkoako Halterofiliaren plan estrategikoa aurkeztu berri dute eta bere helburua da ikastetxeetan halterofilia eskaintzea, lehiaketak hobetzea eta kluben kopurua handitzea.
Joan den astean, Foru Jauregian izan ziren Jesús Gutiérrez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuko teknikaria, Jaizki Mendizabal Gipuzkoako Halterofilia Federazioko presidentea, eta Inaxio Illarramendi Zarauzko Kiroletako zinegotzia. Planaren alderdi metodologikoa Prospektikerren arduradun Iñaki Elzaurdik egin zuen.
Gipuzkoako Halterofiliaren plan prospektibo-estrategikoaren (2030) jarduera nagusietako bat ikastetxeetan halterofilia eskaintzea da. Helburua da halterofilia-kluben eta kirolarien kopurua handitzea, eta, horretarako, proposatzen du Gipuzkoako Halterofilia Federazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Departamentuak batera definitzea eskaintza bat, ikastetxeetan halterofiliaren jardueraren hasiera barne hartuko duena. Era berean, proposatzen du ikastetxeetan halterofilia sartzeko lehen urratsak emateko lehen udalerriak Irun, Zarautz eta Zizurkil izatea, jada klubak badaudelako bertan. Eta hortik abiatuta, garatuz joango da.
2030erako plan estrategikoaren helburua da, halaber, Gipuzkoan halterofiliako kirolarien eta kluben kopurua handitzea; halterofiliaren eta haren lehiaketen kirol-jarduera hobetzea; kirol-jardueraren garapenean esku hartzen duten pertsonen kopurua eta maila teknikoa handitzea; halterofiliako kirolaren marketina eta komunikazioa hobetzea; plan estrategikoaren kudeaketa antolatzea, eta baliabide ekonomikoak eta pertsonen inplikazioa handitzea. Hala adierazi du Iñaki Iturrioz Kirol Departamentuko zerbitzuburuak.
Gipuzkoako Halterofilia Federazioko presidente Jaizki Mendizabal zarauztarrak dioenez, «plan honek halterofiliak Gipuzkoa izango duen bilakaerarako oinarriak ezartzen ditu. Planak 6 helburu nagusi ditu, eta horietan halterofiliari eutsiko zaio: deportistak eta klubak, entrenamenduak eta lehiaketak, ezagutza, marketina eta komunikazioa, plan estrategikoaren kudeaketa eta baliabide ekonomikoak».
Bestalde, Inaxio Illarramendi Zarauzko Kiroletako zinegotziak nabarmendu duenez, «Zarautz erabakigarria izan da halterofiliarentzat Gipuzkoan eta Euskadin, eta, gaur egun, bi federazioek aritzbataldeko kiroldegian dute egoitza, Zarautzen». Era berean, klubak kolektibo ezberdinekin egiten duen lana goraipatu du, baita urte osoan zehar ekitaldiak antolatuz ere.