Iturria: Urola Kostako Hitza
Zarauzko PSE-EEk 2015eko aurrekontuetan 2,3 milioi euro bideratzea lortu duela gogoratu du, besteak beste, ongizaterako; ekonomia eta enplegua bultzatzeko; eskola publikoa laguntzeko, eta orohar, “zarauztarren dirua bizi kalitatean eta gehien behar dutenei laguntzeko inbertitzen dela bermatzeko”. Gustura agertu dira sozialistak ongizaterako 400.000 euroko partida gordetzea lortu dutelako. Izan ere, EH Bilduk partida hori 200.000 eurora jaitsi nahi zuela salatu dute: “Hori onartezina da krisi garai honetan”. Hiru proposamen egin dituzte zentzu horretan: eskola materiala erosteko, Vista Alegre eta Azken Portu Goiko bizilagunei garraio publikoa erabiltzeko eta udako jangelako laguntzak ematea, hain zuzen.
“2014an lortu genuen eskolako materiala erosteko laguntzak zehaztea, baina berandu eta gaizki jarri zituzten martxan, oinarririk sortu eta jakinarazpenik egin gabe”, salatu dute PSE-EEko ordezkariek. Hori dela eta, aurten irizpidea garbiak finkatzeko eskatu dute eta garaiz zabaltzeko. Sozialisten arabera, 2014an 350 lagunek eskatu zuten laguntza hori, “nahiz eta udan eman ziren jakitera; ordurako familiek materiala erosita zuten”. Aurtengo ikasturterako 125.000 euro gehiago jarri dituzte, eta 100 euro emango zaizkio eskatzaile bakoitzari. Eskatu dute erosketa horiek Zarautzen egiteko.
Bestalde, 25.000 euro bideratu dituzte udako jangelako bekak emateko. “Krisiak eta pobreziak geroz eta eragin handiagoa du haur txikiak dituzten familiengan. Horregatik, uste dugu beka honek modu eraginkorrean lagun diezaiekela zailtasun ekonomikoak dituzten familiei”.
Irisgarritasun arazoak dituzten Vista Alegreko eta Azken Portu Goiko bizilagunentzat garraio publikoa erabiltzeko laguntzak “lehenbailehen” martxan jartzeko eskatu dute, halaber. “Legealdi hasieratik ari gara eskatzen auzo horietan irisgarritasun azterketa egiteko, baina Udal Gobernuak ez du halakorik egin. EH Bilduk entzungor egin dio auzotarren eskaera horri”, gaineratu du PSE-EEk. Horrez gain, orain herriko autobuseko tarifak igo direla gaineratu du, eta Eusko Jaurlaritzak eskolako garraioa murriztu duela. “Laguntza honekin auzo horietako bizilagunek izan ditzaketen zailtasunak arindu nahi ditugu”.