Etxezabalan izango da hitzordua, 19:00etatik aurrera, Udaleko Kooperazio sailak eta Zarauzko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinadorak antolatuta
Koordinadorako kide Angela Etxabe (ezk.) eta Virginia Eizagirre (esk.) albo banatan, eta erdian Gloria Vazquez eta Pablo Garcia. Aritz Mutiozabal
Argazkia eta iturria: Urola Kostako Hitza
Herritarrekin bilera irekia antolatu dute Kooperazio sailak eta Zarauzko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinadorak, errefuxiatuen gaia jorratzeko. Azaroaren 10ean izango da, asteartean, Etxezabalako lehen solairuan, 19:00etatik aurrera. «Gaia garrantzitsua da, eta herritar guztiak animatu nahi ditugu bertaratzera. Gizarte honen betebehar morala da errefuxiatuei laguntzea», nabarmendu du Lankidetza zinegotzi Pablo Garciak.
Zinegotziak berak errefuxiatuen etorrerari buruzko azken berriak emango ditu bileran. Harekin batera, beste bi lagunek bideratuko dute saioa: alde batetik, Siriako egoeraren berri emango du Zarauzko bizilagun Abdul Magid Omaro mediku siriarrak; eta, bestetik, errefuxiatuei egingo zaien harrerari buruz hitz egingo du Gurutze Gorriko Harrera eta Gizarteratze arduradun Kattalin Arangurenek.
Errefuxiatuen etorrera
Gloria Vazquez udal gobernukideak errefuxiatuen gaia «puri-purian» dagoela azaldu du. Urte hasieratik 400.000 pertsonek zeharkatu dute Mediterraneo itsasoa. «Ez dirudi Siriako gerra halako batean bukatuko denik, beraz errefuxiatuek jarraituko dute beren herrietatik ateratzen. Bai Sirian eta baita beste herrietan». Gaiaren aurrean Europako Batasunak «bere gabezi sakonenak» azaleratu dituela dio: «Ez da gai asilo politika bakar eta eraginkorrak garatzeko».
Zarauzko Udalak, bere aldetik, bere prestutasuna azaldu du errefuxiatuak jasotzeko eta dituen baliabideak eskaintzeko. Eusko Jaularitzak 1.000 errefuxiatu hartzeko konpromisoa hartu du, CEAR elkartearen eta Gurutze Gorriaren ardurapean. Horietatik 330 inguru Gipuzkoara etortzekoak dira; hasiera batean urria bukaeran iristekoak ziren. Bitartean, Zarauzko Udalak lau etxebizitza bideratu ditu, EUDELekin koordinatuta, errefuxiatu horien bizileku izateko.
«Errefuxiatuak hartzeko eskumena ez da udalona, baina herritarrarengandik gertuen gauden erakunde publikoa garenez, ahal dugun neurrian, harrera hori antolatu eta gauzatzea gure egitekoa dela deritzogu», adierazi du zinegotziak. Udaletik ez dakite zehatz 15 egun barru edo hilabete barru etorriko diren errefuxiatuak, ezta zenbat lagun etorriko diren ere, baina «guztia antolatuta eduki nahi dugu iristen direnerako». Eta astearteko bilera, azken finean, horretara dator.
Herritarren laguntza-sarea
Herritarrek laguntzeko erakutsi duten borondatea goraipatu du Vazquezek. Hainbat izan dira udalarekin harremanetan jarri direnak, beraien etxea eskainiz, itzultzaile lanak egiteko aurkeztuz eta ahal duten neurrian laguntzeko prest. «Elkartasun hori aprobetxatu eta bideratu egin behar dela uste dugu, errefuxiatuak etortzen direnerako herritarren laguntza-sare horri esker, beraien etorrera ahalik eta samurrena izan dadin», dio Vazquezek. «Ez dugu ahaztu behar oso egoera latzak atzean utzita ihesi datozela eta, seguruenik, hasiera batean behintzat, ez dela erraza izango beraien egokitzapena».