Zarautz «plastikozko poltsarik gabeko herria» izatea du helburu Ingurumen saila burutzen ari den kanpainak.
12 orga zozkatu dituzte udaletxean. (Zarauzko Udala)
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
Plastikozko Poltsarik Gabeko Nazioarteko Eguna izaki, 40 orga zozkatu ditu udaleko Ingurumen sailak, herriko hainbat denden kolaborazioarekin. Zarautz plastikozko poltsarik gabeko herri izendatzea du helburu martxoan abiatu zuten kanpainak. Agenda 21 sailetik esfortzu berezia egiten ari direla azpimarratu du Gloria Vazquez zinegotziak. «Zaila izan arren, sentsibilizazio kanpainak egitea eta agenteak ahalik eta gehien inplikatzea beharrezkoa da».
28 dendak hartu dute parte Emaus elkarteak diseinatutako orgen zozketaren ekimenean. Denda bakoitzean orga bat zozkatu dute, eta geratzen ziren 12 orgak, udaletxean zozkatu dituzte. Irabazleei banan bana deituko diete, egokitutako orga jasotzera nora joan behar duten azalduz.
Kanpaina ez dela ekimen honekin amaitzen azpimarratu dute. 52.000 poltsa biodegradagarri banatu dituzte herrian zehar, eta horrez gain, Ondarruko saregileek egindako 1500 poltsa ere banatu dituzte. Orokorrean, «harrera ona» izan dutela esan du Vazquezek. Kanpainaren helburua jendeak erosketetara doanean bere poltsa edo orga eramatea da, «kontzientziatzea». Horrez gain, asteazkenak «plastikozko poltsarik gabeko egun» izendatu ditu udalak. Horregatik, egun horretan «eskaera berezia» luzatzen diete dendei, plastikozko poltsak eskaini ez ditzaten.