Gloria Vazquez eta Nerea Ollokiegi EBUren webgunearen aurkezpenean. (Dorleta Agiriano Lai)
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
Agenda 21 ekimenaren barruan lantzen aritu diren Eraztun Berde Urdina proiektuaren garatze bidean, proiektuko ibilbideen inguruko informazioa eskuragarri izateko eskuorria eta webgunea sortu ditu Zarauzko udaleko Ingurumen sailak. Eskuorriak Turismo bulegoan eta udal eraikinetan egongo dira.
EBU ibilbide osoaz gain, beste hiru bide ezberdindu dituzte, laburragoak. Arkamurka bidea (Motxio, Zingira basoa eta Vista Alegre elkartzen dituena), Mollarriko bidea (Talai Menditik igaroz) eta hezeguneen bidea (biotopotik herrigunera doana). Webgunean eta eskuorrian topa daiteke ibilbideen informazio orokor guztia.
Proiektuaren helburua Zarauzko biodibertsitatearekin lotutako guneak ezagutaraztea, zaintzea eta mantentzea da. Hala azaldu du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak: «Asmoa ez da jendeak ibilbideak egitea soilik, gure guneak zaintzen ikastea baizik, eta ezagutzen dena, hobeto zaintzen da».
Ibilbideen informazio orokorraz gain, webguneak Zarauztarrak EBUan izeneko atala ere badauka. Bertan, herritarrek ibilbideetako gune ezberdinetan bizitako pasarteak kontatzeko aukera edukiko dute. Era berean, Multimedia atal bat ere badago, eta bertara ere bidal ditzakete argazkiak herritarrek.