Hutsik dauden etxebizitzen jabeek hainbat abantaila izango dute etxea alokairuan jartzeko. «Zarautzen etxebizitzarako sarbidea erraztea» da plangintzaren asmoa.
Iturria eta argazkia: Zarauzko Hitza
2016-2019ko Etxebizitza eta Lurzoru Plana aurkeztu zuen Zarauzko Udalak 2016ean, «Zarautzen etxebizitzarko sabidea errazteko asmoz». Udal plan honetan, Bizigune programaren bidez hutsik dauden etxebizitzak egokitu eta merkaturatzeko laguntzak jasotzen dituzte etxeen jabeek. Horrez gain, etxebizitza publiko berrien eraikuntza sustatzen da.
Joan den asteartean, Alokabideko teknikariak Zarautzen izan ziren programan parte hartzearen abantailei buruzko informazioa eskaintzen. «Bizigune programaren helburua hutsik dauden etxebizitzak eskuratzea eta alokairu babestuaren bidez merkaturatzea da, erabilera soziala emateko», azaldu zuten teknikariek.
Gloria Vazquez Zarautz-Lur bulegoko idazkariak azaldu duenez, Udalak neurri berriak hartu ditu programa indartzeko. «Udal Gobernutik programari bultzada berri bat eman nahi diogu, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan %90eko hobaria ezarriz. Era berean, diru laguntza berri bat ere ezarri dugu, 3.000 eurotara iritsi daitekeena, etxebizitza hutsetako eguneratze lanak ordaintzeko».
Bizigune programak etxebizitza hutsen jabeek gutxi gorabehera 47.000 euroko errentagarritasuna lortzea ahalbidetuko du, sei urtez Eusko Jaurlaritzari etxebizitza utzita.
Zarauzko Udalak hamar puntutan zerrendatu ditu etxebizitza hutsen jabeek izango dituzten abantailak, programan parte hartuz gero:
- Hutsik dagoen etxebizitzaren errentamenduaren kudeaketa integrala
- 6 urteko alokairuaren eta hilero kobratzearen bermea
- Txosten teknikoa, Alokabideren kontura
- Energia-ziurtagiria lortzeko aukera
- Etxebizitza egokitzeko laguntza
- Etxebizitzan erreformak egiteko aurrerakina, %0ko interesarekin
- Etxeko arrisku anitzeko asegru baten kontratazioa, Alokabideren kontura
- Etxebizitzaren mantentzea ta kontserbazioa
- Kontratua amaitzean, etxebizitza kontserbazio-egoera berean itzuliko da, etxebizitzaren erabilera egokiaren ondoriozko higadura normala salbuetsita
- Alokabidek berme juridiko guztiak eskaintzen ditu
Programa honetara atxikitu daitezkeen etxebizitzen hartzaileak Etxebideko erregistroan eskatzaile bezala izena emanda dauden eta diru sarrerak urtean 21.000 euro azpikoak dituzten pertsonak izango dira. Pertsona hauei babestutako alokairu bat aplikatuko zaie eta ez merkatuko errenta. Horrez gain, edozein kasutan, bizikidetza unitatearen diru sarrera ponderatuen %30a ez du gaindituko alokairuaren prezioak.
Udal Gobernua alokatzeko etxebizitza egoki bat topatzeko arazoak dituzten herritarrekin «sentsiblea» dela azaldu du Xabier Txurruka Alkateak. Egoerari aurre egiten nahi diotela azaldu du, eta horretarako martxan daudela 103 etxebizitza publiko eraikitzea ahalbidetuko duten hiru proiektu (Aldapetako, Salberdingo eta Lanpardoko etxebizitzak).
Bizigune programan parte hartzeko interesa duten pertsonek edo informazio gehiago eskuratu nahi dutenek, Zarautz-Lur Bulegora jo dezakete, edo 943-00 51 29 telefono zenbakira deitu. Era berean, aste honetan zehar zarauztarrek programaren inguruko triptikoa jasoko dute euren etxeetan.