Iturria: Zarauzko Hitza
PSE-EEk Bilduren jarrera «antidemokratiko, autoritario eta kaotikoa» salatu du. «Ez dituzte ezberdintzen Zarauzko Udala eta Udal Gobernua. Askotan udalaren izenean hitz egiten dute Bilduko ordezkariek, oposizioarekin adostu gabe», nabarmendu du alderdiko bozeramaile Patxi Elolak. «Haientzat oposizioak ez du existitzen». Hori dela eta, Bilduren izenean hitz egiteko eskatu diete ordezkariei, edota behinik behin oposizioa aurrez informatzeko: «Bilduri oposizioa errespetuz tratatzeko eskatu nahi diogu, eta bere betebeharrak fin eta legez egiteko». Bestalde, Juan Luis Illarramendi alkateari Kultura batzordeburu Gari Berasaluzeri atentzioa emateko esan dio, izandako «jarrera diktatorial eta antidemokratikoagatik». Jakinarazi duenez, Berasaluzek azken Kultura Batzordetik kanporatzeko eskatu zion Elolari. Azaldu duenez, berak emandako iritzia ez zitzaiola «gustatu» argudiatuz.
Berasaluzek argitu duenez, esandakoa erretiratzeko eskatu zion Elolari, eta hori ez bazuen egiten, batzordetik bidaliko zuela ohartarazi: «Kultura batzordean, nire bromak oso arriskutsuak direla eta nola amaitzen diren sozialistek ederki dakitela esan zuen, borroka armatuari erreferentzia eginez. Batzordeburua naizenez, esandakoa erretiratzeko eskatu nion». «Batzordekideekiko errespetuz», aurrera segitu zuten, ordea.
PSE-EEk Bilduren «harrokeria izugarria» salatu du. Gloria Vazquez zinegotziak gogoratu du Bilduk ez duela gehiengoa udalean, eta erabakiak «bere kabuz» eta «kontrastatu gabe» hartzen dituela, alkate dekretuz: «Parte hartze hitza behin eta berriz errepikatzen dute, baina zinegotziei ukatu egiten diete parte hartzea».
Batzorde gutxi
Bilduk hamazazpi hilabete daramat gobernuan eta batzorde gutxi antolatu ditu, PSE-EEren iritziz. Zarautz Lurreko administrazio kontseilua lau, Kirol Patronatua zazpi, Turismo Patronatua bederatzi eta Hezkuntza batzordea hamar alditan «soilik» bildu dira. Ongizate batzordea ere «hutsik» dagoela salatu du Vazquezek: «Hori are larriagoa da, egoera kontuan izanda».
«Presoen familiei diru laguntzak emateko zailtasunik ez dute, ordea», salatu du Elolak. Haren arabera, «dokumenturik aurkeztu gabe eta gehiengoa dutelako, presoen familiei 16.500 euroko laguntza emateko asmoa du Bilduk. Kaosa dator, Bilduk guztia hankaz gora jarriko du, eta zeharo kaltegarria izango da zarauztarrentzat». Hori ekiditeko, elkarlana bultzatu behar dela dio: «PSE-EEk beti bezala ateak zabalik ditu elkarlanerako»