Bigarren urtez, jatorri ezberdinetako herritarrak elkarte gastronomikoetan bilduko dira, elkarrekin herrialde jakin bateko platerak prestatu eta elkarrekin bazkaltzeko
Argazkia eta iturria: Urola Kostako Hitza
Aurten, bigarren aldiz egingo dute Bertakoak ekimena Zarautzen azaroaren 14ean. Horren helburua, jatorri ezberdinetako zarauztarrak elkartzea da, bazkari baten bueltan. “Forma naturalean sortu diren harreman guneak babestu eta bultzatu behar dira, eta aldi berean, gune berria sor daitezen baldintzak jarri behar ditugu”, adierazi du Immigrazio zinegotzi Iratxe Zorrozuak. Nabarmendu du Bertakoak ekimenarekin hori lortu nahi dela: maiz elkarren ondoan baina ez elkarrekin bizi direnak hurbildu eta esparru bat partekatzea, hain zuzen.
Iaz bezala, atzerritik etorritako lagunek euren herrialdeko jakiak sukaldatuko dituzte herriko elkarte gastronomikoetan, eta zarauztarrek horiek prestatzen ikasi ahalko dute; laguntzaileak 12 izango dira eta horietako bik elkarteko bazkide izan beharko dute. Aurten ere zortzi elkartek hartuko dute parte ekimenean, eta bakoitzean herrialde jakin bateko platerak prestatuko dituzte: Alkartasunan Saharakoak, Ongi Etorrin Kolonbiakoak, Kurpilen Paraguaykoak, Arrano Kabian Nikaraguakoak, Fracisco de Zurbaranen Pakistangoak, Iñurritzakoak Venezuelakoak eta Batzokian Boliviakoak.
13:00etan bukatuko dute janaria prestatzea, eta sukaldea libre utziko dute beste elkartekideek erabiltzeko.
Ekimenean parte hartu nahi dutenek Immigrazio Zerbitzuan eman beharko dute izena, Zigordia kaleko, 33. zenbakian, 943-005127 telefonora deituta zein immigrazioa@zarautz.org helbidera idatzita. Partaide bakoitzak hamar euro ordaindu beharko ditu eta zehaztu beharko du zein elkartetan nahi duen bazkaldu.
Ezkertokiren Oharra: Albistean jasotzen ez den arren EZKERTOKIA elkarteak ere ekiminean parte hartzen du. Zehazki, argentinandarrak izango ditugu bertan.