Berdintasunaren alde, ‘Gu ere bai’ manifestua landu dute herriko hainbat gizonek

Gaur goizean egin dute lanketa, Gizonduz erakundeko kide batek gidatuta, Berdintasunerako Guneko autobus ibiltaria herrian izan dela baliatuz. Testua Padekidetasun Sailaren blogean jarriko dute, eta atxikimenduak jasoko dituzte aurrerantzean.

Manifestua publiko egin duteneko agerraldia (Aritz Mutiozabal)
Manifestua publiko egin duteneko agerraldia (Aritz Mutiozabal)

Iturria eta argazkiak: Zarauzko Hitza

Emakumenganako Indarkeriaren Aurkako Egunarekin lotuta, berdintasunaren aldeko gizonezkoen manifestua lantzeko eta idazteko ekimena sustatu du Parekidetasun Departamentuak. Ekimena Emakunderen Berdintasun Foroaren barruan kokatzen da, eta horretarako XIV. Berdintasunerako Guneko autobus ibiltaria herrian izan da gaur, malekoian, Duke Enea parean. Gizonduz erakundeko kide batek koordinatuta, herriko dozena bat gizonezkok osatutako talde bat lanketa horretan aritu da goizean.

Eguerdi partean, Gu ere bai izenburupean, manifestua publikoki aurkeztu dute. «Zarauzko gizonak indarkeria matxistaren aurka gaude. Herriko gizon batzuk hausnarketarako elkartu gara, gure gogo eta proposamenak mahai gainean jartzeko. Indarkeria matxista egunero kontzienteki edo inkontzienteki elikatzen duten baloreak, jarrerak eta ekintzak topatzen ditugu», dio testuak. Eta bide horretan, «gure kezkak eta proposamenak adierazteko», gai hauek identifikatu eta zehaztu dituzte: «umore sexista, hizkuntza sexista, mespretxua, botere harremanak eta pribilejioak, egunerokotasunean gertatzen diren desorekak, mota guztietako indarkeriak, beldurraren kultura, zaintzekiko ardura falta, maitasun erromantikoa, errespetuz faltako sexualitatea, biktimak ez sinistea, eta abar».

Testuaren amaieran, Zarauzko gizonei «gogoetarako eta ekimenetarako gonbidapena» luzatzen diete, «gizarte berdinzaleagoa eta hobea lor dezagun».

Gloria Vazquez

Parekide zinegotzi Gloria Vazquezek eskerrak eman dizkie lanketa egin duten herriko gizonezkoei, «gure deia erantzutegatik eta beraien denbora eskaintzeagatik». Arlo eta adin ezberdinetako gizonezkoek hartu zuten parte, eta «guztien ekarpenak, ikuspuntu ezberdinetatik, oso baliotsuak» direla nabarmendu du Vazquezek. Denak «berdintasuna lortzea eta indarkeriarekin amaitzea» izan dutelako ardatz.

«Oso inportantea da gizonezkoek argi eta garbi, ozenki eta publikoki esatea ez duzuela onartzen emakumeenganako indarkeriarik, eta eskubide eta behar berberak ditugula aitortzea», gaineratu du Parekide zinegotziak, eta manifestua horretara datorrela azpimarratu du. «Beharrezkoa da gizonak emakumeen ondoan eta emakumeekin batera lan egitea arazo honekin bukatzeko».

Atxikimendua

Berdintasunaren aldeko testua irakurri eta publiko eginda, aurrerantzean atxikimenduak jasotzen hasiko dira, eta herriko gizonezko guztiei luzatu diete gonbidapena. Parekidetasun Sailaren blogean eskegiko dute idatzia, herritarrek bat egin dezaten.

Xabier Txurruka alkatea izan da guztietan lehena. «Zarauztarrok gizonok badaukagu zer esana. Gure konpromisoa adierazi behar dugu emakumeekiko, gure laguntza, berdintasunaren bidean denok eskubide berdinak goza ditzagun. Gure konpromisoa irakurri berri dugun manifestua sinatzean gauzatu daiteke, eta guztiok gonbidatzen zaituztegu hori egitera. Ni izango naiz lehena: sinatzen dut Guk ere bai», azaldu zuen atzokoan.

Puede que también te guste...

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *