Zarauzko Udaleko alderdi guztietako ordezkariak, adierazpen instituzionalaren unean (Aritz Mutiozabal).
Argazkia eta iturria: Urola Kostako Hitza
Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna dela-eta, Zarauzko Udalak adierazpen instituzionala egin du gaur eguerdian udal batzar aretoan. Bertan izan dira udaleko alderdi guztietako ordezkariak, eta adierazpena Xabier Txurruka alkatea (EAJ), Gloria Vazquez (PSE-EE), Naiara Carvajal (EH Bildu) eta Ana de Benitoren (Irabazi Zarautz) artean irakurri dute. Hona hemen Azaroaren 25eko adierazpen instituzionala:
“Azaroaren 25a “Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna” da, halaxe izendatu baitzuen Nazio Batuen Batzar Nagusiak. Egun hori dela-eta, gure gaitzespenik irmoena adierazi nahi diegu emakumeen aurkako indarkeria-adierazpenei (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa…) eta sexismo-mota guztiei, baita sotil eta normalizatuenei ere: esate baterako, sexuen araberako rol estereotipatuak jartzea edo bizitzaren esparru askotan emakumeak ikustezin izatea. Berretsi nahi dugu, baita ere, egiturazko arazo baten aurrean gaudela. Kontuan hartuta oinarrian emakumeen eta gizonen arteko berdintasunik eza dagoela, ezinbestekoa da gaiari berdintasun-politiketatik eustea, adituek zein nazioarteko erakundeek gomendatzen duten bezalaxe.
Gizarte-egitura matxistan oinarritzen da emakumeen aurkako indarkeria. Gizarteak aukera gutxiago eskaintzen dizkie emakumezkoei gizonezkoei baino, eta pertsonen askatasuna mugatu egiten du, jaiotzez duten sexuaren arabera. Rol matxistak identifikatzen saiatu behar dugu (baita sotilenak ere), errotik mozteko, horietan oinarritzen delako sexuen arteko desberdintasuna. Desberdintasunaren adierazpide larrienak emakumeenganako tratu txarrak eta hilketak dira. Gure nahia da jarrera matxista horiek gainditzea, berez desberdinak izanda ere eskubideetan denok berdinak izango diren pertsona askeen gizarte batean bizi ahal izateko, pertsonen sexua kontuan izan gabe.
Gizonei ere dei egiten diegu. Gizonen inplikazioa ezinbestekoa da berdintasunaren aldeko lanean eta rol matxisten eta jokaera bortitzen salaketan. Gizonek eta emakumeek elkarrekin lan eginda bakarrik lortuko dugu indarkeria sexista amaitzea.
Erakunde demokratikoek lehentasunezko helburu bat izan behar dute: indarkeria matxista amaitzea. Hori lortzeko urratsak eman behar ditugu, pixkanaka-pixkanaka sexuen arteko berdintasuna lotzeko. Argi utzi behar dugu, baita, emakumeen aurkako indarkeria ez dela etxe barruko edo arlo pribatuko arazo bat, eta horrek bere arrastoa utzi behar duela hizkuntzaren erabileran ere. Beraz, Udal honek “indarkeria matxista” terminoa erabiliko du, emakumeen diskriminazio eta desberdintasun egoerek sortutako tratu txarren kasuetan; eta “indarkeria sexista” terminoa, berriz, sexuaren ondoriozko diskriminazio zabalagoaz ari garenean.
Zarauzko Udalak berresten du indarkeria matxista gizartearen egiturazko arazoa dela. Horrek esan nahi du erakundeen papera oinarrizkoa dela arazo horretan. Erakundeok geure gain hartu behar dugu berdintasuna sustatuko duen gizartearen eraikuntzan daukagun ardura sozial eta politikoa. Hasteko, gure aurreiritziak, rolak eta eguneroko jarrerak berrikusi behar ditugu, bai maila pertsonalean bai kolektiboan.
Horiek horrela:
- Konpromisoa hartzen dugu gure eskumenen esparruan udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde.
- Konpromisoa hartzen dugu politika aktiboak garatu eta indarkeria sexista bere adierazpide guztietan ezabatzeko.
- Zarauzko Udalak konpromisoa hartzen du Berdintasun Departamentua baliabide tekniko zein ekonomikoz hornitzeaz gain, hura egonkortu eta indartzeko, 2016 urteko aurrekontuak zehazten ari diren une honetan.
- Tratu txarren biktimak animatzen ditugu euren erasotzaileak salatzera eta Berdintasun Departamentura etortzera, aholkularitza eta laguntza jasotzeko.
- Zarauzko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen die konpromisoa har dezatela, emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko aurrekontu partidak handitzeko, berdintasun zuzendaritzak indartzeko, epaitegietako genero-unitateak doitzeko eta legedia berrikusteko.
- Zarauzko Udalak borroka feministarekin daukan konpromisoa berresten du, indarkeriarik gabeko jendarte demokratiko eta burujabea eraikitzeko bide eta tresna gisa.
- Eta herritarrak gonbidatzen ditugu berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak har ditzatela urteko egun guztietan, eta parte har dezatela azaroaren 25a dela-eta Berdintasun Departamentuak eta feministen taldeek antolatutako ekitaldietan.
Zarauzko Udalak ekitaldi sorta antolatu du Emakumearen Aurkako Indarekeriaren kontrako egunagatik eta gaur 19.00etan udaletxe plazan deitutako kontzentrazioarekin bat egingo du. Ondoren, 19.30ean performance-a eskainiko dute Ainhoa Alberdi eta Eneko Balerdi aktoreek, Barren plazan. Bihar, berriz, ‘Ez gera Palestinaz ari’ emanaldia izango da 19.00etan, Modelo aretoan. Bertsoa, musika, antzerkia eta poesia uztartzen ditu saioak. Abenduaren 1ean berriz, Mundu Zabaleko Emakumeak ekimenaren baitako azken hitzaldia izango da, Afrikaz”.