Azafatak podiumetik kentzeko mozioa onartu dute

Alderdi guztien babesa jaso zuen PSE-EEk aurkeztutako proposamenak.

Alderdi guztien babesa jaso zuen PSE-EEk aurkeztutako proposamenak.

Iturria eta argazkia: Zarauzko Hitza

Azafatak podiumetik kentzeko eskatuz mozioa aurkeztu zuen PSE-EEk urtarrileko udalbatzarrean. Horren bidez, Gloria Vazquez alderdi sozialistako bozeramaileak Australiako Tour Down Under txirrindularitza lasterketan gertatutakoa ekarri zuen gogora. Hura izan da azafatarik gabeko elite mailako lehenbiziko proba. «Askotan indarkeria matxistaren inguruko datu gogorrak entzuten ditugu, baina ezin dugu ahaztu horren atzean kultura matxista bat badagoela, egunerokoan, diskriminazio matxista ororen oinarria dena».

Horregatik, Australian gertatutako berdintasunerako «oso garrantzitsua» dela nabarmendu zuen Vazquezek. «Horrek instituzioak, eta oro har gizartea behartzen ditu kirol arloan emakume objektuen irudia birplanteatzera. Azken urteotan gora egin du emakumeen parte hartzeak elite mailako kiroletan, eta zentzu horretan, emakumearen irudi sexista oro desagerrarazi beharko litzateke». Indarkeria matxistarekin amaitzeko, estereotipo sexistak bultzatzen dituzten jarrera, mezu, irudi, iragarki eta bestelakoak saihestu behar direla adierazi zuen, bereziki, zabalkunde handia duten ekitaldietan.

Hori dela eta, honakoa jaso zuten mozioan, Zarauzko Udalbatzak onar zezan:

– Euskadiko Itzuliko antolatzaileei eskatzea proban azafataren irudia ekiditeko eta berdintasun irizpideak baliatzeko laguntzaileei dagokionez.

– Eusko Jaurlaritzari eta aldundiei Emakumeen Bira bultzatzeko eskatzea, emakumeen kirola sustatze aldera.

– Legebiltzarrari kirol arloan egiten den emakumearen erabilera matxista aztertzeko eskatzea.

– Eusko Jaurlaritzari eta aldundiei eskatzea kirol federazio orori galdegin diezaien emakume eta gizonen arteko berdintasuna bultzatzeko 4/2005 legea aplikatuz.

Alderdi guztien babesa jaso zuen mozioak. Irabazi Zarautzek eta EH Bilduk, hala ere, udalaren konpromisoa ere eskatu zuten. «Eredugarri izateko eskatzen diogu Zarauzko Udalari ere, eta antolatu eta babesten dituen ikuskizunetan rol sexistak indartzen dituzten figurak ez baliatzeko, besteak beste, azafaten irudiak», nabarmendu zuen Ana de Benito Irabazi Zarautzeko bozeramaileak.

EH Bilduko Naiara Carvajalek gaineratu zuen ez dagoela «soberan» udala ere gehitzea eskaera horretan, nahiz eta lanketa egiten duen arlo horretan. «Berdintasun ordenantzaren inguruan lanketa handia egin da, eta ausarta eta beharrezkoa dela deritzogu. Horregatik, elkarlanerako prest gaude».

Jesus Arana EAJko bozeramaileak adierazi zuen lanketa handia egin behar dela oraindik ere, «podiumetik harago ere desberdintasun handiak» daudelako. Hala ere, emakumeak «duintasun guztiarekin» lan egiteko aukera dutela esan zuen, «objektu izatetik laguntzail izatera pasatuz». Horretarako, besteak beste, berdintasun irizpideak aplikatzea «beharrezkoa» dira. Mozioaren alde bozkatu zuen EAJk ere. Hala, aho batez atera zen aurrera.

Puede que también te guste...

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *