Mendebaldeko gizartean ezezaguna bada ere, herrialde islamiarretan gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde lanean ari dira emakumeak Koranaren mezuan oinarrituta
Argazkiak eta iturria: Urola Kostako Hitza
Feminismo islamikoaren inguruko hitzaldia eman zuen astearte iluntzean Zarautzen Maya Amran aljeriarrak. Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta Zarauzko Udaleko Berdintasun Sailak antolatu duen Munduko Emakumeak hitzaldi zikloaren barruan hitz egin zuen.
Amran Bilboko Munduko Emakumeak elkarteko kidea, Kazetaritza eta Komunikazio Zientzietan lizentziatua eta Gizarte Bitartekaritza eta Kulturarteko Hezkuntzan aditua da; emakume musulmanen borroka izan zuen hizpide Zarautzen. Hitzaldi parte-hartzailea izan zen, eta bertaratu ziren herritarrek Islamaren eta emakume musulmanen inguruan zituzten aurreiritziak hausteko aukera izan zuten.
Horretarako, Mahoma profetak zabaldu zuen jatorrizko Islamaren berdintasun ikuspegia azaldu zuen lehenengo Amranek, eta mendeetan gertatu den atzerakadaren berri eman gero. «Emakumeen papera ikusezin bihurtu dute Islamaren transmisioan». Dena dela, Islamak VII. mendean emakumeei ordura arte izan ez zuten herritar estatusa eman ziela adierazi zuen aljeriarrak. «Islamaren aurreko Arabian emakumeek ez zuten inolako eskubiderik, gizonaren jabetza ziren, eta gizona hiltzen zenean bere emazteak semeak oinordetzan hartzen zituen».
Berdintasun mezua
Islamaren mezuak gizon eta emakumeen arteko berdintasun mezua zabaldu zuen lurraldean. «Iraultza ekarri zuen Islamak orduko pentsamoldean. Ikasteko betebeharra pertsona ororena zela aldarrikatu zuen (gizon eta emakumeena); emakumeei etxetik kanpo lan egiteko aukera eskaini zien; senar nahiz emazteek sexuarekin gozatzeko eskubidea zutela erreibindikatu zuen; ordura arte mugarik ez zuen poligamia arautu zuen; eta ezkonkidea aukeratzeko eskubidea eman». Gainera, emakumeei politikan eta komunitate erlijiosoetan parte-hartze aktiboa izateko eskumena eman zien.
Jatorrizko mezuak berdintasuna oinarri bazuen ere, Maya Amranek argi du «atzerakada ikaragarria» egin dela «Islamaren printzipioen aurka». «Korana patriarkatuaren ikuspegitik interpretatu dute mendeetan zehar, eta emakumea gizonaren menpekoa dela justifikatzeko Koranaren irakurketa desitxuratua egin dute».
Islamaren ikuspegi zurrunari aurre egiteko lanean ari dira femisnimo Islamikotik. «Horretarako, alde batetik adituek hermeneutika koranikoaren bidez gizon eta emakumeen arteko desberdintasuna justifikatzen duten oinarriak aztertu, jatorrizko mezuarekin alderatu, eta irakurketa egokia berregiten dute».
Bestetik, aktibistek mezu hori gizarteratzen dute, pixkanaka herritarren artean errotzen joan dadin. Bide horretan, Iytihad kontzeptua oso garrantzitsua dela uste du Maya Amranek. «Islamaren ikuspegi dinamikoa eta moldagarria jorratu behar da, eta Islamaren helburuak betetzeko, tokian tokiko testuinguru geografiko, sozial eta historikoa kontuan hartu»
Maya Amram (A.L.S.)
Maya Amran, gizarte bitartekaria: «Parisko atentatuak gatazka politikoa dira, ez erlijio mailakoa»
Musulman bezala, nola ulertzen dituzu pasa den ostiralean Parisen gertatu ziren atentatuak?
Nik neuk Parisen gertatutako atentatuak ez ditut Islamarekin erlazionatzen, hau da, ez dit nire erlijioaren eta sinisnemaren inguruan inolako zalantzarik sortzen. Gatazka politikoa direla argi izan behar dute herritarrek, ez erlijio mailakoa. Ildo horretan, gatazka guztiek eta horiek defendatzeko propagandak arrazoi edo ideia indartsuak behar izaten dituzte jendea erakartzeko. Kasu honetan Islama erabiltzen ari dira, badakitelako erlijioak jende asko mobilizatu dezakeela.
Zerk bultzatzen ditu gazteak Estatu Islamikoan parte hartzera?
Uste dut garrantzitsua dela Estatu Islamikoan parte hartzen duten gazteen errealitatea zein den aztertzea. Alde batetik, zenbaitetan Europan jaio diren etorkin musulmanen seme-alabak galduta sentitzen dira identitateari dagokionean. Integrazio arazo handiak daude, eta ez dira jaio diren herrialdeko herritar sentitzen; kasu askotan gizartetik at daudela uste dut. Bestetik, gehiengo musulmana duten herrialde askotan arazo sozial, politiko eta ekonomi ugari daude, eta langabezia ere handia izaten da. Testuinguru horretan gazteek ez dute itxaropenik, ez dute etorkizunean aurrera egiteko biderik ikusten.
Estatu Islamikoaren mezuak itxaropena eskaintzen al die gazte horiei?
Estatu Islamikoak erlijioa erabiltzen du galduta sentitzen diren gazte musulmanak beregana erakartzeko. Identitate arazoa dutenei, musulman identitatea eskaintzen diete, eta itxaropen faltsuak eman. Gainera, izan ditzaketen arazoei erantzunak ere ematen dizkiete. Haien diskurtsoa muturrekoa da, erantzuna behar duenarentzat biderik errazena.