Gloria Vazquez eta Patxi Elola PSE-EEko zinegotziak, Astin.
Argazkia: Amaia Ventas.
Iturria: Urola Kostako Hitza
«EH Bilduk, PPren babesarekin, Astiko eremu pribilegiatu bat oparituko dio enpresa pribatu bati. 30 urterako utziko dio, eta gainera, herritarren 300.000 euro emango dizkio bertan jatetxe bat eraiki dezan», beste behin kritikatu du Zarauzko PSE-EEk Udal Gobernuak hartutako erabakia. Urriko udalbatzarrean onartu zuten Astiko aisialdi eremua biziberritzeko plana, eta horren barruan, besteak beste, jolasgunean jatetxe-taberna berria eraiki eta aisialdiko instalazioak egitea.
«Jakina da herriko kirol taldeek hainbat behar dutela; ez dute nahiko lekua entrenatzeko», nabarmendu du Gloria Vazquezek. Udal Gobernuaren erantzuna, ordea, «astakeria» hori dela salatu du: «Onartezina da Zarautz ez dago salgai ziotenek hori egin izana». Hala ere, aurrera jarraitu dutela dio, eta enpresa bat aurkeztu dela lehiaketara. «Biribilgunearekin egin zuten moduan, hau ere ziztu bizian egingo dute». Beste hainbat kontu aurrera eramateko ez duela «presik» izan adierazi du Vazquezek, enpresa txikientzat eta eskola materiala erosteko diru laguntzak emateko, kasu. «Berandu eta gaizki egin dute: abenduan iragarri zuten eta diru gutxi jarri, 86.000 euro, hain zuzen. Badirudi, ordea, Astiko proiektua egiteko dirua badagoela». Haren arabera, hauteskundeak heldu aurretik, «azkar» egingo dituzte lanak, ondoren inork «buelta eman ez» diezaion.
Estalpea berrerabili
Jatetxea hori egiteko, Patxi Elolak Udal Gobernuari galdetu dio gune horretako bestelako materialarekin ea zer egingo duen, ping-pong mahaiekin, bestelako mahai eta aulkietakin eta estalpearekin, esaterako. «Udal Gobernuak berrerabilpen hitza behin eta berriz erabiltzen du, eta zentzu horretan, estalpearekin ere hori egiteko eskatzen diogu». Alegia, bota beharrean beste erabilera bat emateko.
Lau proposamen aurkeztu ditu, hala, estalpe hori aprobetxatzeko. Batetik, errugbikoen tabernari gehitzeko proposatu du. Bestetik, udal baratzak estaltzeko. Jakinarazi duenez, egun 150 baratza inguru daude Munantxo inguruan eta 65 metroko estalpea zati daitekeela bertako gune batzuk babesteko.
Era berean, nabarmendu du jolastoki batzuek tapatzeko ere baliagarria dela. «Igeraineko jolastokia tapatzekoak dira, baina horrez gain, beste hainbat ere estal daitezke pergola horrekin». Eta baita beste zenbait auzotan jartzeko ere, esaterako, Itxasmendiko atletismo pistaren erdian. Udal Gobernuari eskatu dio estalpe hori ez botatzeko eta herritarrekin erabakitzeko horri zein erabilera eman.