Sariketara 45 lan aurkeztu dira eta ‘Gune’ izeneko leloarekin aurkeztu denak jaso du 600 euroko saria
Logo berria. Aitziber Estonba, Gloria Vázquez, Arantxa Escartin eta Mar Arregi / ETXEBERRIA
Argazkia eta iturria: Diario Vasco
Zarauzko Udalak sexu aholkularitza zerbitzua identifikatu eta ezagutzera emango duen logotipoaren lehiaketa antolatu du. Guztira 45 logotipo aurkeztu dira sariketara. ‘Gune’ leloa duen kartela izan da irabazlea eta Arantxa Escartin Azanza zarauztarrak aurkeztu du. Arantxa orain dela urte eta erdi Zaragozan bizi da eta diseinatzaile grafiko bezala egiten du lan.
Irabazleak 600 euroko saria jaso zuen astelehenean, Zuberoa kaleko 22. zenbakian dagoen sexu aholkularitza zerbitzuan eginiko sari banaketan. Gloria Vázquez (PSE-EE), Parekidetasun zinegotziak aurkeztutako lanen kalitatea «oso ona» izan dela nabarmendu zuen. Egileak, bere partetik, irudiarekin adierazi nahi izan duena azaldu zuen: «Kolore beroak erabili ditut, sexualitatearen koloreak eta degradatuak, anitza delako. Lehenengo aldia da Zarautzen lehiaketa bat irabazten dudala eta oso pozik nago». Vázquezek logotipoak «indar handia» duela gaineratu zuen. Hemendik aurrera sexualitate zerbitzuak erabiliko den logoa izango da.
Sexu aholkularitza zerbitzuko sexologoak, Aitziber Estonbak, Zuberoa kaleko zerbitzua sexualitatearen inguruko kezkak, zalantzak, informazioa eskaintzeko gune bat dela gogorarazi zuen. Hala, gai honekin lotutako guztiari erantzuna emateko erabiltzen da gunea. «Sexua pertsonaren dimentsioa dela kontutan izanik, sexualitatea norberari egozten zaion guztia da. Beraz, Sexu Aholkularitza gune honek sexualitatearen kontzeptu zabal honi erantzuteko ardura du», nabarmendu zuen Estonbak. Zentzu honetan, sexologoak azaldu zuen moduan, gizonekin, emakumeekin eta horien arteko harremanekin zerikusia duen oro materia sexologikoa da: «Ez haien gorputzei eta genitalei gertatzen zaiena bakarrik. Biografiei, harremanei, nortasunei, desioei… gertatzen zaiena ere materia sexologikoa da, gizon diren heinean, emakume diren heinean eta elkarrekin harremanak dituzten heinean». Berariazko zerbitzua da, konfidentziala eta doakoa eta gertutasuna, leialtasuna eta zorroztasuna oinarri hartu eta aholkularitza sexologikoa eskaintzen zaie norbanakoei, bikoteei, familiei, ikastetxeei, elkarteei nahiz Udalari.
Pertsonak bakarka edo bikoteka gerturatu daitezke eta 16 urtetik gorakoentzat zuzenduta dago zerbitzua. Kontsultak presentzialak izan daitezke, Zuberoa kalera bertara joanaz asteartetan, 17:00etatik 21:00etara. Nahiago duenak, telefonoz deitu dezake 943.005128 zenbakira (17.00-21.00) edo sexuaholkulari-tza@gmail.com helbidera idatzi. Sare sozialetan (Facebook, Tuenti eta Twitter) ere topa daiteke zerbitzua.