Aurten 2.800 su-bola aireratuko dituzte, iaz baino 1.200 gutxiago. Su-bolak hiru euroren truke eskuratu daitezke Turismo Bulegoan eta Sanz Enean.
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
Gaur goizean aurkeztu dute Desioak Sutan ekimena Zarauzko udaletxean. Bertan izan dira Xabier Txurruka alkatea, Kooperazioko zinegotzi Pablo Garcia, Kuartangoko alkate Edu Gonzalez Pinedo, Euskal Fondoko Sahara Koordinazio Unitateko arduradun Itziar Iturri eta Saharautzeko presidente Xabier Euzkitze.
Aurten, Aian, Arabako Kuartango herrian eta Zarautzen egingo dute Sahararen aldeko elkartasun ekimena, eta Aia izango da lekukoa hartuko duen lehen herria. Zarautzen, abuztuaren 17an, Aste Nagusiaren barruan egingo dute Desioak Sutan ekimena. Udaleko ordezkariek azaldu dutenez, urtez urte “indarra hartzen” joan da saharar herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen duen elkartasun ekimena, eta aurten ere ekitaldian parte hartzera animatu dituzte herritarrak. Piztu eta utzi desioari hegan egiten lelopean, herritarrek beren desioak piztu eta aireratuko dituzte. Dena dela, ekimenean biltzen diren guztiek desio amankomuna izango dutela ere nabarmendu du alkateak, “gure desioa Saharar herriak askatasuna lortzea izango da”.