PSE-EE: “Zarauzko TAOren inguruko benetako parte hartze prozesua abia dezan eskatzen diogu Bilduri”

Iturria: Zarautzko Hitza

Zarauzko erdigunean TAO sistema erabiltzen bi herritar (Amaia Ventas/Hitza) Argazkia Amaia Ventas/Hitza

Bilduk TAOren inguruko herri kontsulta egin dezan eskatu du Zarauzko PSE-EE udal taldeak, “benetako” parte hartze prozesua abia dezan. “TAOren inposaketaren kontra gaude. Bildu auzoz auzo joan da bere proposamena azaltzen, egia da, eta honi prozesu parte-hartzailea deitu diote. Prozesu informatiboa izan da soilik, ordea”, azaldu du Gloria Vazquez zinegotziak: “Bilduk benetan nahi badu zarauztarrok nahi duguna adierazteko aukera izatea, benetan nahi badu zarauztarron iritzia ezagutu eta benetan bilatzen badu zarauztarron parte hartzea, kontsulta loteslea egin behar du”.

Informazioa ematea “funtsezkoa” dela dio, baina horrekin ez dela betetzen “inondik inora” partaidetzaren oinarria, hau da, ordezkatzailea izatea. “Auzotar batzuk joan dira saio horietara, baina ez guztiak”. Era berean, oposizioa bilera horietara gonbidatu duen arren, Udal Gobernuak “hitzik” ez diola eman jakinarazi du: “Ez dugu izan aukerarik gure proposamenak aurkezteko”. Batzordetan ere “behin baino gehiagotan” aurkeztu dute PSE-EEko ordezkariek euren proposamena, baina ez dutela aintzat hartu gogoratu du Patxi Elola bozeramaileak. Zentzu horretan Bilduk iaz abiatutako TAOren inguruko parte-hartze prozesua “tranpa” izan dela nabarmendu du.

Hori dela eta, gaur bertan hainbat alegazio aurkeztu dute udaleko erregistroan. Aldaketaren bat egin baino lehen herritarrei kontsultatzeko eskatzeaz gain, zarauztarrek autoa aparkatzeagatik beste zerga bat ez ordaindu behar izatea edota egoiliar txartela bere eremuan doan izatea galdegin dute. Era berean, aldirietako aparkalekua brigadako gunean urte osorako jartzeko eta udan behar direnak ere egokitzeko proposatu dute. Halaber, udan herritarrentzat zerbitzuaren eguerdiko etenaldiak mantentzeko eskatu dute: “Lehen 13:00-18:00 bitartean zerbitzua eten eta libre izaten zen aparkatzea. Hori berreskuratu beharra dago”. Osasun Zentroan errotazio denbora 90 minutura mugatzea ere proposatu dute: “Egun 150 minutuz aparka daiteke errotazio gune horretan, ikaragarria da. Arintasuna beharrezkoa da Osasun Zentro inguruan, larrialdiren bat izaten bada ere”.

Bestalde, Gurmendiko aparkalekua, aparkaleku publiko gisa baliatzea galdegin dute PSE-EEko zinegotziek, eta hori kudeatzeko langabeak kontratatzeko. Horrez gain, Vista Alegre eta Azken Portu Goiko auzotarrek 1. gunean aparkatzeko aukera izateko, haurdun daudenek mugikortasun urriko guneetan aparkatu ahal izatea eta egonaldi luzeetako guneak mantentzeko eta sektore guztitako egoiliarrentzat tarifa bera zehazteko eskatu dute.

Gobernu taldeak TAOren inguruko erabakirik hartu baino lehen kostu ekonomikoaren eta herrian dauden aparkaleku eta ibilgailu kopuruaren azterketak egitea “ezinbestekoa” dela esan dute. “Gastu asko sortuko dira eta ezin da ezer martxan jarri bere bideragarritasuna ezagutu gabe”, azaldu du Elolak. Aparkalekuen azterketari dagokionez, sektorez sektore eta auzoz auzo egin beharko litzatekeela dio, “zein defizit dagoen jakiteko eta horren arabera, erabakia ahalik eta zuzenena izan dadin”

Puede que también te guste...

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *