Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da azaroaren 25ean. Horren harira, Zarauzko Parekidetasun departamentutik hainbat egitasmo antolatu dituzte azarorako. Gaur aurkeztu dute egitaraua Patxi Elola Kooperazio zinegotziak, Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak eta Cristian Prieto Save The Childreneko komunikazio arduradunak.
Argazki gehiago eta iturria: Zarauzko Hitza
Indarkeria matxistak utzitako zenbait zenbaki eta datu beldurgarri azaldu dituzte gaurko prentsaurrekoan. 2018. urtean, espainiar estatuan 42 emakume erail zituzten beren bikoteek edo bikote ohiek, eta guztira, 971 emakume hil dituzte 2003. urtetik hona. Emakunderen arabera, 2017an, 4.020 emakumek pairatu zuten indarkeria matxista EAEn, eta honek %5eko igoera adierazten du aurreko urtearekin alderatuz gero. Erasotzaileen artean, %30ak 30 urte baino gutxiago dituela ere jaso dute. 2018. urtearen erdian, indarkeria matxista pairatu zuten ia 3.100 emakume zenbatu zituzten EAEn, iaz baino %10 gehiago. Zarautzen, 2017an, 24 kasu berri jaso dituztela adierazi du Vazquezek; «hauek dira identifikatu ditugun kasuak, baina askoz gehiago daude, zoritxarrez, indarkeria matxista jasaten duten emakume guztiek ez dutelako laguntza eskatzen, ez dutelako salaketarik jartzen edo ez dutelako beren burua biktima bezala ikusten».
Gaiaren konplexutasuna dela eta, kasu bakoitza aztertu eta ebatzi behar dela uste du Vazquezek. Dena den, aurtengoan, haurrak izango dira protagonista Indarkeria matxistari buruzko jardunaldietan, azaroaren 8an. Genero indarkeriaren biktima diren seme-alabak izenpean antolatu dituzte, eta besteak beste, Jose I. Alonso Save The Childreneko kideak hartuko du parte, Genero indarkeriaren biktima diren neska-mutilak. Araudia eta babesa hitzaldia emango baitu. Gaurko prentsaurrekoan Save The Children elkarteko Prietok azpimarratu du seme-alabak emakumeenganako indarkeriaren «biktima zuzenak» direla, eta «ez zeharkakoak». 2013. urtetik hona, 27 haur hil dituzte espainiar estatuan, eta aurten, 3 kasu zenbatu dituzte jada. Datuen arabera, urtean 840.000 seme-alaba inguru dira indarkeria matxistaren biktima. Hau guztia izango dute hizpide azaroaren 8an. Vazquezen arabera, helburua ez da soilik «sentsibilizazioa» lantzea, «hausnartzea ere oso garrantzitsua da, eta baita hausnarketa horren emaitzak gizarteratzea ere».
Kooperazio sailetik ere parte hartu dute azaroko egitaraua osatzen; Indarkeria jasan duten Afrikako emakume errefuxiatuen egoera eta ametsak hitzaldia antolatu dute, Alboan Gobernuz Kanpoko Erakundeko Leire Morquecho kidearen eskutik.
Egitaraua
- Azaroak 8, 09:30-14:00 (Urola Kostako Udal Elkarteko aretoan). Indarkeria matxistari buruzko III. jardunaldiak. Genero indarkeriaren biktima diren seme-alabak, Jorge Barudy, Olatz Soldevilla eta Jose I. Alonso.
- Azaroak 11, 19:00 (Antoniano aretoan). Erradikalak gara bertso saioa, Ane Labaka eta Beatriz Egizabal bertsolarien eskutik.
- Azaroak 22, 18:30 (Antoniano aretoan). Ojos que no ven: Una mirada al abuso sexual infantil hitzaldia, Save The Children elkarteko Jose I. Alonsoren eskutik. Gazteleraz izango da.
- Azaroak 23, egun osoan zehar (Zarauzko ikastetxeetan). Tratu onekin dantzan ekimena, Hezkidetza Foroaren eskutik.
- Azaroak 25, 13:30 (hondartzan). Esku ahurretik edan zuten kale antzerkia, Ainhoa Alberdiren eskutik.
- Azaroak 29, 18:30 (Antoniano aretoan). Indarkeria jasan duten Afrikako emakume errefuxiatuen egoera eta ametsak hitzaldia, Leire Morquecho Errastiren eskutik.
- Abenduak 1, 10:00-20:00 (kiroldegian). Emakumeentzako Jabetze Eskolaren barruan, autodefentsa feminista ikastaroa, Maitena Monroyekin. Gazteleraz izango da.