Azaroaren 25a aintzat hartuta, Indarkeria Matxistari Buruzko II. Jardunaldiak antolatu ditu Parekidetasun Departamentuak. Gaiaren inguruan «gizonen egitekoa» aztertuko dute.
Iazko jardunaldietan izandako hitzaldietako bat (Hitza).
Iturria eta argazkia: Zarauzko Hitza
Zarauzko Udaleko Parekidetasun Departamentuak indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak antolatu ditu bigarren urtez, azaroaren 25aren harira. Alameda hotelean egingo dituzte hilaren 23an, eta hainbat hitzaldi, mahai ingurua eta antzezlan bat prestatu dituzte egitasmorako. Aurten, gizonezkoek gaiaren aurrean erakusten duten jarrerari eta inplikazioari buruz hausnartuko dute. Izan ere, indarkeria matxista aztertzeko garaian, «arreta emakumeengan jartzen dugu, baina gizonen egitekoa aztertzea ere funtsezkoa dela pentsatzen dugu», diote Parekidetasun Departamentutik.
«Gero eta gizon gehiagok hartzen du hitza beren jokaera zalantzan jartzeko, eta aurrerapauso garrantzitsuak ematen ari dira arazo larri hau konpontzeko». Departamentuaren arabera, gizonek ere emakumeen ondoan borrokatu behar dute, «emakumearen kontrako diskriminazioa bukatzeko, berdintasuna erdiesteko eta indarkeria matxista amaitzeko».
Jardunaldia doan izango da, baina aurrez izena eman beharko da, berdintasunazarautz.files.wordpress.com atarian, Parekidetasun Sailera bertaratuta, 943-00 51 17 telefonora deituta edo berdintasuna@zarautz.eus helbidera idatzita.
EGITARAUA
Azaroak 23, osteguna
- 09:45-10:00. Aurkezpena.
- 10:00-11:00. Gizonen ardura berdintasunaren eraikuntzan, Mikel Otxotorenaren eskutik; euskaraz.
- 11:00-11:30. Atsedena.
- 11:30-12:30. Mikromatxismoa eta indarkeria sinbolikoa, Jone Gurrearen (Sortzen) eskutik; euskaraz.
- 12:30-13:30. Terapia gizon erasotzaileekin, Jorge Freundenthal eta Teresa Peñaren (Gakoa programa) eskutik; gaztelaniaz.
- 13:30-16:00. Atsedena.
- 16:00-17:30. Mahai ingurua egingo dute, gaztelaniaz: EAEko gizon taldeak. Bilakaera. Aurrerantzean zer?. Parte hartzaileak: Ermuako Zipristintzen gizon taldea, Bilboko Piper Txuriak gizon taldea eta Zarauzko Toka gizon taldea. Dinamizatzailea: Idoia Eizmendi.
- 17:30-18:00. Ondorioak. Etorkizunerako erronkak eta lan ildoak.
- 18:00. Berdintasunaren alde Zarauzko gizonezkoek egindako manifestuaren aurkezpena.
- 19:00. Emakume bakarra antzezlana, Antoniano aretoan. Sarrera irekia.
Oharra: itzulpen zerbitzua egongo da.