Indarkeria matxistaren aurkako kanpaina berria abiatu dute

Berdintasun sailak eta Zurekin ostalarien elkarteak antolatu dute, elkarlanean. Emakumeen kontrako indarkeriarik onartzen ez dutela adierazteko, herriguneko 28 tabernetan zein bi kanpinetan eskuzapiak, kartelak eta itsaskorrak banatuko dituzte. Era berean, autodefentsari buruzko bi ikastaro antolatu dituzte.

Vazquez eta Osa eskuetan kartelak eta itsaskorrak dituztela.
Vazquez eta Osa eskuetan kartelak eta itsaskorrak dituztela.

Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza

Eraso sexistei aurrea hartzeko kanpaina berria jarri dute abian Zarauzko Udaleko Parekidetasun sailak eta Zurekin ostalarien elkarteak. «Jaietan I laket taldearekin batera lantzen dugu arlo hori gazteen artean, baina Parekidetasun sailean pentsatu genuen uda hasieran Zarauzko tabernetan zein kanpinetan mezu hori zabaltzea aukera ona litzatekeela», azaldu du Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquez.

Hala, herriguneko 28 tabernetan—Zurekin elkartekoez gain, beste batzuk ere badira— eta bi kanpinetan 85.000 esku zapi banatuko dituzte, bakoitzean 3.000. Horiez gain, kartelak zein itsaskorrak eman dituzte, azken horiek establezimenduetako komunetan jartzeko. Horietan, eraso sexisten aurkako mezuak zein larrialdi egoeretan deitu beharreko telefono zenbakiak–112 larrialdietarako telefonoa, Ertzaintzarena zein Udaltzaingoarena– agertzen dira. Hemen ez dugu emakumeen kontrako indarkeriarik onartzen leloa baliatu dute, eta Eraso baten aurrean, deitu mezua zabaltzea da helburua.

Ez ezetz da

Izan ere, Vazquezek gogoratu du uda hasi denetik bi sexu eraso gertatu direla herrian, eta arazo horren aurrean zarauztarrek «argi» adierazi dutela ez dutela emakumeen kontrako indarkeriarik. «Horixe bera aldarrikatu nahi dugu kanpaina berri honekin». Eraso horiek gehienetan festa giroan eta gauez gertatzen direla ohartarazi du, eta askotan gehiegizko kontsumoarekin lotuta daudela.

«Emakumeen kontrako indarkeria oro indarkeria matxista dela azpimarratu nahi dut, indarkeria mota berezia dela. Arazo hau gure gizartean errotuta dago, eta aurre egin behar diogu prebentzioaren eta hezkuntzaren bidez zein legeak aplikatuz». Kanpaina berria mezua zabaltzeko eta ikusgarritasuna emateko baliagarria izango dela aurreratu du. Zurekineko kide Mari Luz Osak, bere aldetik, adierazi du elkartea prest dagoela ahal den guztia egiteko halako erasoak saihesteko. «Matxismoa oso sartuta dago gizartean, eta txiki-txikitatik hasi behar da horren kontra egiten».

Autodefentsa ikastaroak

Horri lotuta, autodefentsaren inguruko bi ikastaro antolatu ditu Parekidetasun sailak. Lehenbizikoa 16 urtetik gorako emakumeei dago zuzenduta, eta dagoeneko plaza guztiak bete dira. Abuztuaren 5ean izango da, egun osoz. Hala ere, eskaera gehiago balira, ikastaroa zabaltzea baloratuko luketela ohartarazi du Vazquezek. Interesa dutenek 943-005117 telefonora dei dezakete ala berdintasuna@zarautz.eus helbidera idatzi.

Bigarrengoa, berriz, 13-15 urte bitartekoentzat izango da. Lehenbiziko aldia da adin tarte horretako emakumeentzat halako saio bat antolatzen dutena, eta Parekidetasun zinegotziak adierazi du eskaera egon dela emakume gazteen aldetik. Autodefentsa ikastaroa izango da hori ere, baina edukiak 13-15 urte bitartekoentzat moldatuko dituzte. Edurne Urbieta Parekidetasun teknikariak zehaztu du jarrera, autoestimua eta eraso sexista baten aurrean nola jokatu landuko dute ikastaro horretan. Esther Lopez Mongek gidatuko du, aurrekoa bezala.

Bigarren ikastaro horretarako plazak libre badaude oraindik ere, eta interesa dutenek aipatu telefonora deitu dezakete edota helbide horretara idatzi. Abuztuaren 8an izango da, goizez, 10:30etik 14:30era, doan.

Puede que también te guste...

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *