Aranzadi zientzia elkarteko kideek gidatuko dituzte saioak, uztaileko eta abuztuko ostiraletan. Irteerak doakoak izango dira, baina izena eman behar da aldez aurretik.
Gloria Vazquez zinegotzia eta Aranzadiko kide Mari Azpiroz (Aritz Mutiozabal).
Iturria: Zarautzko Hitza
Agenda 21 sailak irteera gidatuak antolatu ditu, Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean, dunetako landareak eta biotopoko hegaztiak ezagutzeko. Uztailean eta abuztuan egingo dituzte saioak, ostiraletan; goizez eta arratsaldez izango dira, betiere itsasgora egokitzen denean. «Zarauztarrei eta bisitariei Zarauzko altxor naturalak ezagutzera ematea da egitasmoaren helburua. Horrekin batera, naturarekiko eta biodibertsitatearekiko sentsibilizazioa ere bultzatu nahi dugu», nabarmendu du Agenda 21eko zinegotzi Gloria Vazquezek. Hori dela eta, bisita horiek eraztun berde-urdinaren proiektuaren barruan txertatu dituzte.
Aranzadi zientzia elkarteko kideek gidatuko dituzte irteerak, eta elkarteko Botanika saileko kide Mari Azpirozek azaldu duenez, «bertan sakonduko dugu Iñurritza biotopoa zein habitatek osatzen duten, eta landaredi egituratzaileak nahiz mehatxatuak ere erakutsiko ditugu». Zarauzkoa «historikoki presio handia» jasan duen duna izan dela adierazi du Azpirozek, baina «azken urteetan kudeatzeko ekintza ugari egin dira eta landaredia ere bere horretara bueltatzen ari da».
Euskal Herriko landare mehatxatuen katalgoko hamahiru espezie daude Zarauzko dunetan, eta, alde horretatik, «balio handiko lekua» dela jakitera eman du Aranzadiko kideak. Hegaztien aldetik ere babestuko espezie asko ditu Iñurritzak, bereziki estuario aldean, «baina irteeran ere ikusteko aukera izango dugu bateren bat, baita haiei buruz ikasteko ere».
Irteera gidatuak doakoak izango dira, baina bertan parte hartzeko izena eman behar da aldez aurretik Turismo Bulegoaren malekoiko informazio gunean; gehienez ere 20 lagunentzako tokia izango da saio bakoitzean. Bisitak lau hizkuntzetan egingo dituzte: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Lehendabiziko irteera uztailaren 7an izango da, 16:30etik 18:30era.
Gida liburua
Bisitetan udalak aurten argitara emandako Zarauzko dunetako landaredia gida erabiliko dute; Aranzadik landu du eta Arkamurkaren argazkiz hornituta dago. Liburuxka bisitarien artean banatuko dute, eta landareak identifikatzeko erabiliko dute. Era berean, 3 euroan jarriko dituzte salgai Eroskin, Garoa liburu dendan eta Turismo Bulegoan.
Vazquezek jakitera eman duenez, Ingurumen departamentuak aukera emango die ikastetxeei hurrengo ikasturte amaieran ikasleekin irteera hauetan parte hartzeko; bide batez, gida liburua ere bideratuko diete.