Zarauzko Udalak eta Sare Feministak ekintza ugari prestatu dituzte egun honen inguruan
Martxoak 8. Herritar guztiak gonbidatzeko deialdia egiten dute eragile ezberdinek.
Argazkia eta iturria: Diario Vasco
Datorren asteazkenean, martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Eguna izango da. Hori dela eta Udalak eta Sare Feministak ekintza ezberdinak antolatu dituzte eta ezagutzera eman. Batzar aretoan berdintasun zinegotzia den Gloria Vazquezek, Sare Feministako Kristina Ruedak eta Berritzeguneko Jose Luis Alberdik hartu zuten hitza azalpenak emateko baina bertan egon ziren baita ere parekidetasuneko ordezkariak eta herriko ikastetxetakoak.
Zinegotziak gogoratu zuen, «aurten, Espainian, gutxienez 19 emakume hil dituzte. Zarautzen, esate baterako, badakigu 36 emakume bortizkeria matxistaren biktima izan direla. Zorionez, ez daukagu hildako emakumerik tartean».
Hala ere, «horiek muturreko egoerak dira, gizarte matxista batean bizitzearen ondorio dramatikoenak. Baina hilketa horiei gehitu egin behar zaizkie beste diskriminazio egoera txiki, edo ez horren txiki, asko eta asko. Oraindik lan handia dago egiteko maila guztietan. Erakundeok oso ardura handia daukagu gai honetan. Zarauzko Udalean, biktimei laguntza emateko gizarte zerbitzuetan eta berdintasuneko departamentuan egiten den lanaz gain, berdintasunerako ordenantza bat ere prestatzen gabiltza, eta espero dugu martxoan onartzea. Departamentua, eta ni neu, berdintasuneko arduradun modura, buru-belarri aritu gara lanean ordenantza aurrerakoi honetan. Gure ardura eta betebeharra da, ahal dugun neurrian, behin-tzat, gizartean aldaketa bat bultza-tzea, eta hortxe sartzen da, baita ere, gizartea sentsibilizatzea», esan zuen zinegotziak.
Egitaraua
Asteazkenean ekingo zaio prestatu den egitarauari. Horrela martxoaren 8an, Alde Zaharrean jende katea egingo da herriko ikastetxeetako ikasleekin eta ondoren elkarretaratzea Lege Zaharren enparantzan, hezkidetza foroak antolatuta. Ikasleekin batera herritarrei gonbidapena luzatzen zaie jende katean parte hartzera indarkeria matxistaren aurka denok gaudela azaltzeko asmoarekin.
Arratsaldean, 17:30etik aurrera Sanz-Enea liburutegian ipuin kontalaria egongo da, ‘Filomena musugorri, errege’ izenburupean. Ostegunean, martxoak 9, 21:00etan zinekluba Modelo Aretoan ‘Techo y comida’ filmarekin. Ostiralean, martxoak 10, gaueko 22:00etan eta Modelo Aretoan antzerkia ikusgai, ‘Koadernoa zuri’.
Azkenik larunbatean, martxoak 11, Lege Zaharren enparantzan, ekimen berezi bat egingo da eta bere izenburua ‘Emakume etxea eraikitze lanetan’ izango da. Goizeko 11:00etan autodefentsa tailerra egingo da, 11:45etan dantza tailerra, 12:30ean batukada eta 14:00etan inaugurazioa eta luntxa.
Gogoratu baita Zarauzko Udalak morez jantzi nahi duela herria martxoaren 8an, Emakumearen Egunean eta banderola morea eskuragarri jarri du Herritarren Arreta Zerbitzuan (HAZ), Etxezabalan (kale Nagusia, 29). Herritarrak animatu nahi ditu banderolak hartu eta balkoietan jartzera.
Azkenik, aipatu behar baita ere otsailaren 24tik martxoaren 3ra zabalik egongo dela Merkatu plazan Martxoak 8 IX. kartel lehiaketaren erakusketa.