Diru-laguntza lerro berria sortu du Ongizate sailak beharra duten herritarrei gas eta argindar gastua ordaintzen laguntzeko. Halaber, Goiener elkarteko teknikariek gizarte langileak formatu dituzte, gerora horiek herritarrei euren argindar faktura kudeatzen lagun diezaieten. Herritarrekin ere hainbat mintegi egingo dituzte.
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
Zarauzko Gizarte Zerbitzuen helburuetako bat izan da pobrezia energetikoari aurre egitea; hala jaso duten Agintaldi planean. Zentzu horretan, hainbat neurri hartu dituzte. Batetik, diru-laguntza berri bat sortu dute beharra duten herritarren gas eta argiaren faktura ordaintzen laguntzeko. Zehazki, gastuaren %25a ordainduko du udalak. Era berean, zorrak egotekotan, ordaindu egingo dituzte, argindar mozketak ekidite aldera. «Ez dugulako nahi Zarautzen inori argindarra eta gasa moztea», nabarmendu du Gloria Vazquez Ongizateko zinegotziak.
Gogoratu du aurrez—diru-laguntza lerro hori sortu aurretik, alegia—ere, halako egoerak ekidin izan dituztela Zarautzen Ongizate Zerbitzutik. «Beharra egon denean argindar mozketa bat baino gehiago saihestu ditugu», zehaztu du. Hori, ordea, laguntza puntuala dela dio, «in extremis». «Ez dugu egoera horretara iristerik nahi. Onena da, ohikoa den bezala, fakturak hilabetero ordaindu ahal izatea». Aurretik eskaintzen diru-laguntzen barruan, atal bat dago aurreikusita etxeko gastuei aurre egiteko. Hala ere, «nahiko eskasa» dela adierazi du Vazquezek: 90 euro inguru ematen dira etxeko mantenurako.
Horregatik jarri dute abian diru-laguntza berria, aurrekoa osatzeko. Une honetan horren ebazpena lantzen ari dira sailean, eta datuak izan bezain pronto emango dutela ezagutzera. Jakinarazi du lehenbiziko aldia dela laguntza mota hori martxan jartzen dutena, eta hurrengo urtera begira, beharrezko egokitzapenak egingo dituztela, herritarrei eskaera egitea errazteko.
Horrez gain, AES eta norbanako laguntzen bitartez, 50.000 euro inguru zuzenduko dituzte etxeko gastuei aurre egiteko. Horren barruan sartu dute argindar eta gas kontzeptua ere.
Goienerrekin elkarlana
Bestetik, pobrezia energetikoari aurre egiteko neurri «sendoak eta egonkorrak» martxan jartzeko, Goienerrekin elkarlana sustatu ditu Gizarte Zerbitzuek. Hala, gizarte langileei formazioa eskaini diete, euren egunerokoan herritarrei azaldu diezaieten argindarra eta gasaren faktura eta hori murrizteko neurriak emateko.
«Kasu batzuk identifikatuta daude, baina badago beste pobrezia bat oraindik ere deklaratu gabe dagoena. Zarautzen egon daiteke jendea puntu batean pobrezian eror daitekeena», adierazi du Goienerreko Santi Otxoak. Hala, herritarrekin saioak ere aurreikusi dituzte; ez dituzte zehaztu oraindik noiz izango diren.
Goienerreko teknikariek pobrezia energetiko egoeran dauden herritarren fakturak zuzenean aztertuko dituzte, horiek murrizten laguntzeko. «Guk egiten dakiguna erakustea da gure asmoa», azaldu du . «Guk ulertzen dugu faktura elektrikoak nola diren eta nola murriztu daitezken, eskarmentu bat badugu. Gizarteari eskaini nahi diogu dakigun hori». Zubilana egingo dute, hala.
Neurri horiek helburu bikoitza dutela nabarmendu du Ongizate zinegotziak: batetik, pobrezia energetikoari aurre egitea, eta bestetik, ingurumen aldetik ere, ohitura iraunkorragoak bultzatzea. «Gutxiago ordaintzea eta baita energia kontsumoa murriztea ere, hain zuzen».