Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguneko saioan Felix Zubiak, Sustrai Colinak, Ainhoa Agirreazaldegik, Danel Olanok, Rosi Lazkanok eta Oihana Iguaranek hartuko dute parte.
Ezkerretik, Jon Zaldua gai jartzailea, Edurne Urbieta Parekidetasun teknikaria, Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotzia eta Felix Zubia bertsolaria, Modelo parean. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
«Azaroaren 25ean arituko gara bertsotan/ Modelon bertsolariak emakumeen aldeko nahian». Bertsotan iragarri du Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunerako prestatu duten bertso jaialdi berezia. Parekidetasun sailak antolatu du, Felix Zubiaren laguntza «paregabearekin». Modelon izango da, 20:00etatik aurrera.
Saio horren helburua emakumeenganako indarkeria salatzea da, baina baita herritarren sentsibilizazioa lantzea ere. «Gizarteak ezin du onartu gaur egungo egoera». Vazquezek gogoratu du aurten, uztaila bitartean, udalerrian indarkeria matxistari lotutako 23 kasuren berri izan dutela Zarauzko Ongizate sailean, eta hori «onartezina» dela. Horregatik, «argi» dago salatu ez ezik, sentsibilizazio lan bat ere egin behar dela, «indar guztiak jarriz horretan».
«Indarkeria hor dago, hori da ikusten duguna. Baina horren atzean dagoen matxismoa ere salatu behar dugu, eta matxismo subkultura horrekin bukatu. Hori da indarkeriaren sustraia eta horretara ere bideratu behar dugu geure esfortzua». Hain zuzen, hori ere landu nahi dute bertso jaialdiarekin. Eta baita kontrakoa ere: «Tratu onak landu behar ditugu, eta modu positiboan lantzen baditugu, lorpen gehiago izango ditugu».
Gai gogorra, ikuspegi ezberdinetatik
Zubiak eskerrak eman ditu bertso jaialdia antolatu izanagatik, «ez delako erraza izaten gai hauek bertsolaritzaren ikuspuntutik ere lantzea». Datuak entzunda, «geldirik ezin garela egon» esan du, eta plazara atera behar dela. «Plaza bat izan liteke mila salaketetarako edota bertso saio bat egiteko. Eta modu positiboan egin baliteke, are hobeto». Salaketa egin egin behar dela dio, baina ez hori bakarrik: «Ohitura zein ikuspuntu aldaketa ere egin beharra dago».
6 bertsolarik hartuko dute parte, hiru emakumezkok eta hiru gizonezkok, profil ezberdinetakoak: Zubiak berak, Sustrai Colina urruñarrak, Ainhoa Agirreazaldegi zarauztarrak, Danel Olano getariarrak, Rosi Lazkano aiarrak eta Oihana Iguaran villabonarrak.
Jon Zaldua ariko da gaiak jartzen, eta gaia bera «gogorra» izan arren, «ikuspegi ezberdinak» lantzen saiatuko da: «Gaia oso gogorra da eta gai serioak ere izango dira, baina saiatuko gara umore puntu bat ere bilatzen». Taldeka, binaka zein bakarka ariko dira, eta ordu eta erdi inguruko saioa eskainiko dute.
Sarrera egunean bertan eskuratu ahalko da, aretoko lehiatilan, 3 euroan. Modelora joan ezin dutenek, saioaren hurrengo egunetan Hitzetik Hortzeran zein bertsoa.com-en ikusteko aukera izango dute saioa edo haren zati batzuk, behinik behin.
Plaza gutxi batzuk libre
Vazquezek gogoratu du bertso jaialdiaren aurretik, hilaren 23an, indarkeria matxistaren inguruko egun osoko jardunaldiak izango direla Alameda hotelean, eta legea izango dutela hizpide hainbat hitzalditan, gaztelaniaz. Arratsaldean, berriz, indarkeria matxista jasan duten biktimei hitza emango diete.
Jakinarazi du oraingoz 40 bat lagunek eman dutela izena, eta interesa dutenek badutela parte hartzeko aukera, berdintasunazarautz.files.wordpress.com atariaren bidez, Parekidetasun sailera bertaratuta (Zigordia kalea, 33, 1. solairua), 943-005117 telefonora deituta edota berdintasuna@zarautz.eus helbidera idatzita.