Etxegabetze arriskuan daudenei laguntzeko zerbitzua sortu du udalak

Uztaileko osoko bilkuran arreta eta laguntzarako onartutako jarduera-protokoloa izango du ardatz. Protokoloa laburbiltzen duen eskuorriak argitaratu dituzte, interesatuak informatzeko.

Gloria Vazquez Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, protokoloari buruzko eskuorriaren irudiarekin (Zarauzko Udala)

Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza

Etxegabetze arriskuan dauden Pertsonen Arreta eta Laguntzarako Udal Zerbitzua sortu du Zarauzko Udalak, eta Gizarte Zerbitzuetako departamentutik koordinatuko dute, Zarautz Lur erakunde publikoaren laguntza teknikoarekin, eta Zarauzko bake epaitegiarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Hipoteka-bitartekaritza Zerbitzuarekin elkarlanean. Uztaileko udal osoko bilkuran onartutako jarduera-protokoloa izango du ardatz zerbitzuak: etxetik kaleratzeko arriskuan daudenei laguntzeko, eta egoerari aurre egiteko neurriak finkatu dira bertan.

Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Gloria Vazquezek azaldu duenez, protokoloaren helburua da kaleratzeen aurrean «berehala eta modu eraginkorrean erantzuteko barne baliabideak izatea». Hala nola, beharrezko neurriak zehaztea kaleratzeetan jarduteko eta geldiarazteko edo, muturreko egoeretan, kaltetuei ostatua emateko.

«Bake epaitegitik jakinarazi digutenez, hipoteka ez ordaintzeagatik etxegabetze kasuak apenas daude Zarautzen», adierazi du Vazquezek. Aitzitik, alokairuko etxegabetxe kasu batzuk izan ohi direla gaineratu du. «Kasu bakar bat egonda ere, nahiko larria eta inportantea izango litzateke, jarduera mekanismoak abian jartzeko modukoa. Krisiaren eraginez arriskua izan bada, eta ka­suren bat egongo balitz ahalik eta lasterren egin beharko genioke aurre».

Lankidetzan

Kaleratze arriskuan daudenei lagundu ahal izateko, bake epaitegiarekin lankidetzan aritzea «funtsezkoa» dela nabarmendu du Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. Izan ere, bake epaitegian bertan jasotzen dira hipoteka edo alokairu bat ez ordaintzeagatik jarritako salaketen jakinarazpenak. Horregatik, Gizarte Zerbitzuak eta bake epaitegiak akordio bat sinatu dute, ahalik eta azkarren jokatu eta etxegabetzeak saihesteko. Akordioaren bitartez, epaitegiak beharrezko informazioa helarazi ahal izango dio udalari, betiere eragindako pertsonek beraien egoeraren berri emateko baimena emango balute.

Bankuarekin egin beharreko bitartekaritza eta kudeaketa lanak, bien bitartean, Eusko Jaurlaritzaren Hipoteka-bitartekaritza Zerbitzuaren bitartez egin ahal izango dira.

Informatzeko eskuorriak

Etxegabetze arriskuaren aurrean, zurekin gaude leloa duten eskuorriak argitaratu ditu udalak, protokoloan jasotzen dena laburbilduz. Bertan, argibide garrantzitsuenak jaso dituzte, interesatuak informatzeko; besteak beste, arreta eta laguntzarako protokoloak zer eskaintzen duen azaltzen du, baita bake epaitegiarekin adostutako akordioa eta Eusko Jaurlaritzaren Hipoteka-bitartekaritza Zerbitzuak eskaintzen duena ere. Eskuorriak herriko hainbat tokitan eskuratu daitezke: bake epaitegian, anbulatorioan, udaltzaingoan eta ertzain etxean.

Etxegabetze Arriskuan dauden Pertsonen Arreta eta Laguntzarako Udal Zerbitzuarekin harremanetan jartzeko 943-00 51 11 telefonora deitu daiteke edo ongizatea@zarautz.eus posta elektronikora idatzi.

Etxegabetze arriskuan daudei laguntzeko jarduera-protokoloa (eskuorria)

Puede que también te guste...

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *