Gloria Vazquezek dio EH Bilduk 30 urterako pribatizatu duela Astiko aisialdi gunea.
Iturria eta argazkia: Zarauzko Hitza
«Gure asmoa beti izan da Astin herritarren beharrak asetzeko instalazioak atontzea», dio Udal Gobernuko kide Gloria Vazquezek (PSE-EE). «Bertaratzen direnek kantina bat; egoera onean dauden komunak; mahaiak eta eserlekuak; barbakoak eta haurrentzat parke berria behar dituzte leku zoragarri honetaz gozatzeko». Horretarako, ordea, «ez zen beharrezkoa egungoaren tamaina hirukoizten duen eraikina egitea ezta enpresa pribatu batentzat jatetxe eta tirolina parke bat eraikitzeko 300.000 euro xahutzea ere».
Hori espazio publikoa pribatizatzea dela nabarmendu du Vazquezek, eta EH Bilduk egin zuela, PPren babesarekin. «EH Bilduk osoko bilkurara eraman zuen gaia 2014ko irailean, 30 urterako esleipena proposatuz. Udal talde guztien ezezkoa jaso zuen orduan. Urriko udalbatzarrean, berriz, proposamen bera egin zuen, aldaketa bakarrarekin: 25 urte + 5 urteko esleipena proposatu zuen», azaldu du PSE-EEko bozeramaleak.
«PPren babesarekin atera zen gaia aurrera, eta 2015eko maiatzean, udal hauteskundeetarako egun gutxi falta zirenean, kontratua sinatu zuten lehiaketara aurkeztu zen enpresa bakarrarekin, guztia ongi lotuta utziz«. Vazquezen arabera, EH Bilduk udala zortzi agintaldirako «hipotekatu» du. «Hori gutxi balitz, pisu handiko irregulartasunak daude. Pleguek egungo lurzoru eraikigarria bikoizten zuten. Hiri-Ordenaziorako Plan Orokorraren arabera, eraikigarritasuna %10 baino gehiago areagotzeko beharrezkoa da Plan Berezi bat egitea. Badirudi EH Bilduk ez zekiela. Oso larria da hiru urtez Obra Publikoen sailaz arduratu den politikari batek Hiri-Ordenaziorako Plan Orokorra kontuan hartu ez izana«.
Kontratua baliogabetu
Vazquezek gogoratu ez duela babestu eta orain ere ez duela babesten «EH Bilduren tirolinen txiringitoa«. Halaber, gaineratu du Astin egin beharreko «inbertsio garrantzitsuena» kirol instalazioetai dagokiena dela. «Askoz ere diru gutxiagorekin kantina eder bat egin daiteke, eta inbertsio nagusia kirol instalazioetara bideratu, aldageletara, harmailak estaltzera, eta abar. Hori ari da egiten egungo Udal Gobernua; EH Bildu ez zen horretarako gai izan lau urtean«.
Kontratua baliogabetu nahiko luke PSE-EEk, baino horrekin, enpresa esleipendunari kalte-ordaina ordaindu beharko lioke udalak. «EH Bilduren kudeaketa txarraren ondorioz udala hipotekatuta dago. Horregatik, Udal Gobernuak zuhurtziaz jokatu beharra dauka herritarrentzat diru galera handia ez dadin izan«. Jakinarazi du enpresa esleipendunari ez diotela eman obrak hasteko baimena eta aisialdi guneko hesia kendu dutela. «Hala ere, zoritxarrez, ezin da kantinaren esleipen berria egin, dagoeneko esleituta baitago«.