Udalaren jabetzako den partzelan ereiten dituzten barazkiak Elikagai Bankuari emango dizkiote.
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak jakinarazi du Udal Gobernuak «proiektu interesgarri eta ederra» jarri duela abian Astin: udal baratze solidarioa. Iñaki Oñatibiak eta Udaberriko idazkari Angel Epeldek ondu dute proiektua, helburu jakin batekin: udal partzela horretan ereindako barazkiak beharra dutenei emateko, hain zuzen. Caritasi emango dizkiete produktuak, erakundeak asteazkenero egiten duten banaketa osa dezaten.
«Urte batzuk badira baratzeen jabeek euren barazkiak Elikagaien Bankura eramaten dituztela. Beste erabiltzaile batzuek ere bereziki helburu horretarako produktuak prestatzen dituzte», azaldu du Oñatibiak. «Hau hirugarren pausoa da; hain zuzen, eremu zabalago batean proiektu seriagoa planteatzeko».
Udalean proiektua aurkeztu ondoren, 750 metro koadroko sailean zenbat ekoitzi beharko luketen kalkulatu zuten. «Caritaseko ordezkariei galdetu genien ea zenbat familia laguntzen zituzten astero. 75 bat familia dira, ia 200 pertsona». Horien beharrei erantzuteko, 3.000 metro koadroko lursaila beharko luketela kalkulatu zuten orduan. «Horregatik, hau ez da urte honetarako proiektua bakarrik; ez da aurten bukatuko. Jarraituko du hiru urtean, dena ongi bidean», adierazi du Oñatibiak. Erantzuna ona izanez gero, hurrengo urtean udalari lursail zabalagoa eskatuko diotela aurreratu du.
Boluntarioak eta erremintak
Baratzea lantzeko boluntarioak behar dituztela jakinarazi du, sei bat lagun, besteak beste, belarra kendu, produktuak landatu eta barazkiak prestatu zein kaxetan jartzeko. Interesa dutenek Udaberrira deitu dezakete, 943-133302 telefonora edo Iñaki (639-768956) eta Angelekin (688-716737) harremanetan jarri. Horrez gain, baratzerako erremintak ere behar dituzte. Horregatik, erabiltzen ez dituzten tresnak uzteko eskatu diete herritarrei.
Miren Letamendia Hirugarren Adinekoen zinegotziak adierazi duenez, udal baratze solidarioaren helburuak bat egiten du Euskadi Lagunkoia egitasmoarekin, eta beraz, horretarako aurreikusita dagoen diru partidaren zati bat bideratuko dutela udal baratze solidariorako. «Proiektu oso polita iruditu zait hirugarren adineko pertsonak aktibo mantentzeko eta baita boluntarioak bultzatzeko ere», esan du.