Udaleko Ingurumen departamentuak jarri du abian ataria, herritarrak gaiarekin «kontzientziatzea» helburu izanik. Arazi enpresak garatu du, eta gaiari buruzko informazioa jasotzeaz gain, herritarrek beren aztarna ekologikoa kalkulatzeko aukera izango dute.
Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia eta Nerea Ibañez Araziko teknikaria (Aritz Mutiozabal).
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
Igande honetan, ekainaren 5ean, Nazioarteko Ingurumenaren Eguna dela-eta, Ingurumen departamentuak herriko aztarna ekologikoari buruzko aztarnaekologikoa.eus webgunea aurkeztu du gaur goizean. Ingurumen eta Agenda 21eko zinegotzi Gloria Vazquezek (PSE-EE) adierazi duenez, norbere kontsumo maila mantetzeko behar den lur azalerari deitzen zaio aztarna ekologikoa. «Zarauztar bakoitzaren aztarna ekologikoa 4,3 hektarearen baliokidea da. Beste modu batera esanda, munduko biztanle guztien kontsumo maila zarauztarron parekoa balitz, 2,5 planeta beharko lirateke».
Webgune honen helburu nagusia «herritarrak kontzientziatzea» dela nabarmendu du Vazquezek, «herritarrei bizimodu jasangarriago bat aurrera eramateko irtenbideak emanez«. Horrekin batera, ikastetxeetan gaia zabaldu eta landu nahi dute hurrengo ikasturtean, Eskolako Agenda 21 egitasmoaren barruan.
Norbere aztarna kalkulatuz
Ataria Arazi enpresak garatu du, eta, horretarako, diseinu erakarkagarria eta erabilerraza sortu dute, aztarna ekologikoaren inguruko eduki informatiboekin. Araziko teknikari Nerea Ibañezek azaldu duenez, hainbat ataletan antolatuta dago, eta horiek «puzzle bat» bailitzan aurkeztu nahi izan dute. «Informazioa zatika eta pausoz pauso ulertzen joateko, modu eroso batean», dio teknikariak. Era berean, herritarrek beren aztarna ekologikoa kalkulatzeko aukera ematen du webguneak; elikadura, etxebizitza, garraio publikoaren erabilera eta abarren inguruko galderez osatutako inkesta baten bidez.
Inkesta osatzen duten herritarren artean bertako produktuez osatutako bi otarre zozkatuko dituzte; bakoitzaren balioa 100 euroko izango da. Zozketan parte hartzeko epea igande honetan hasiko da eta irailaren 15era arte iraungo du. Zozketa irailaren 16an egingo dute, Ozono Geruza Babesteko Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Zozketan parte hartzeko, inkestaren emaitza eta norbere aztarna gutxitzeko bakoitzak hartzen duen konpromisoa idatzi beharko da zarauzkoaztarna@gmail.com helbidera.
«Azken finean, pauso bat harago eman nahi da kanpaina honekin. Ez da bakarrik informatzea, baizik eta ekintzetara pasatzea. Inpaktu hori murrizteko guztion artean zer egin dezakegun jabetzea», zehaztu du Araziko kideak. Honakoa lehen urratsa dela azaldu du Vazquezek, «aurrerantzean beste neurri batzuk hartzeko edo beste kontzientziazio kanpainak egiteko».
Udalerri bakarrenetakoa
Metodologia hau 2000. urtean sortu zen eta Columbia Unibertsitatean (AEB) jarri zuten abian estreinakoz. Zarautzen aurretik ere egin zen aztarna ekologikoaren azterketa bat, 2003an, eta orduan ere Arazik webgune bat garatu zuen informazio hori guztia bilduz eta hainbat jarduera eginez. Orain, ataria eguneratu eta erabilerrazago bihurtu dutela dio Ingurumen zinegotziak:»Urteak pasata, datuak aldatzen joan dira. Beraz, interesgarria iruditu zaigu gaia sakontzea, eta beste ondorio batzuk ateratzeko». Zarautz da Euskal Herriko udalerri bakarrenetakoa halako webgune bat duena