Zarauzko Udalak urtean bitan herriko ibaiak garbituko ditu

Prozedura bat jarri du martxan Ingurumen sailak; orain Igerain erreka ari dira garbitzen

Zarauzko Udalak urtean bitan herriko ibaiak garbituko ditu

Argazkiak eta iturria: Urola Kostako Hitza

Zarauzko Udaleko Ingurumen sailak prozedura bat jarri du martxan udalerriko ibaiak garbitzeko. Txukun enpresa arduratuko da horretaz; egun hauetan Igerain ari dira garbitzen.”Bi orga, bizikleta bat, hesiak, adarrak… askotariko materiala atera dute kanal txiki honetatik bakarrik”, jakinarazi du Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak. Zarauzko ibaien egoera ikusita, asmoa urtean bitan horiek garbitzea da, herriaren punta batetik besteraino. Udaberrian egingo dute esku hartze bat, eta bestea udazkenean, Euskal Jai Egunaren ostean. “Hain zuzen, egun horren ondoren azaltzen direla ibaietan hondakin ugari, bizikletak, esaterako”, zehaztu du Vazquezek.

Orain arte prozedura bestelakoa zen; herritarrek jakinarazten zutenean joaten ziren Txukuneko langileak ibaiak garbitzera. “Gure ustez, hori ez da nahikoa. Nahiz eta jakinarazpenik ez egin, badakigu ibaietan hondakin ugari dagoela eta horregatik uste dugu prozedura baten bitartez egin behar dela garbiketa”, dio Ingurumen zinegotziak.

Haren iritziz, ibaiak “oso garrantzitsuak” dira naturarentzat eta baita gizartearentzat ere. Ibaiak ekosistemak direla azaldu du, “bizirik” daudela eta animaliak bizi direla bertan. Iñurritzan, esaterako, 12 ahate kume ibili dira udan. “Biodibertsitatea mantentzeko, beharrezkoa da horiek garbi egotea. Biodibertsitatean ez ezik, uraren zikloan izugarrizko ere eragina dute ibaiek. Batetik, hein handi batean ibaietatik ateratzen da ur edangarria, eta bestetik, klima aldaketan ere zerikusia du uraren zikloak”. Halaber, ibaiek kilometro asko zeharkatzen dituztela dio, eta bide horretan, material asko garraiatzen dutela itsasoraino. “Urtean zortzi mila tona zabor pilatzen dira itsasoan, eta horietatik ia 5.000 tona ibaietatik heltzen dira. Beraz, ibaiak kutsatzen baditugu, itsasoa ere kutsatzen dugu neurri handi batean”, nabarmendu du.

Zentzu horretan, herritarrei eskatu die ibaietara hondakinak ez botatzeko. Hala ere, aitortu du instituzioek izan behar dutela eredugarri, eta Ingurumen sailaren arduretako bat izanik naturaren kontserbatu eta kutsadura ekiditea,”ezinbestekotzat” jo du ibaiak ere zaintzea. Zentzu horretan, prozedura horrekin pauso bat ematen ari direla esan du Vazquezek.
...

Puede que también te guste...

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *