Caritaseko boluntarioek astero egiten dute elikagaien banaketa udalak utzitako lokalean. Nagusilanekoek ere banatzen dituzte produktuak urtean bizpalautan herriko elikagai zerbitzuan.
Caritaseko eta Nagusilaneko boluntarioak Gloria Vazquez Zarauzko Ongizate zinegotziarekin, Zarauzko Elikagai Bankuan (Amaia Ventas Aldabaldetreku).
Argazkiak eta iturria: Urola Kostako Hitza
Pasa den astean Gipuzkoako Elikagai Bankuak banaketa berezia egin zuen; 17.500 kilogramo elikagai eraman zituen Zarauzko elikagai zerbitzura, Aritzbatalde plazako 8. zenbakira. Nagusilan elkartekoek banatu zituzten produktuak behar gehien duten Aia, Aizarnazabal, Getaria, Orio eta Zarauzko hainbat eta hainbat familiaren artean. Gehienbat, elikagai ez galkorrak eskaini zituzten banaketa berezi horretan.
Horrez gain, bereziki elikagai galkorrak banatzen ditu Caritas elkarteak lokal horretan, astero. Asteazkenero, zortzi-hamar bat lagun elkartzen dira udalak utzitako lokalean, eta han jasotzen dituzte elkarte eta norbanakoek emandako elikagaiak. Nagusiki, barazkiak, fruituak eta antzerako produktuak jasotzen dituzte.
Elikagai kopuru nagusia Oiartzundik heltzen zaie, Gipuzkoako Elikagaien Bankutik; bizpahiru janari palet ekartzen dizkiete handik. Horrez gain, beste hainbat bidetatik ere jasotzen dituzte elikagaiak. Alde batetik, baserritar batzuk soberan dituzten produktuak eramaten dizkiete, eta baita udal baratzak lantzen dituzten zenbait lagunek ere.
Beste pertsona batek hilero 50 kilogramo haragi ematen dio Zarauzko elikagai zerbitzuari, eta ogi enpresa batek, berriz, bizpahiru zorro. Kroketak ere banatzen dituzte astero, enpresa batek emandakoak. Eta baita fruitu denda batzuk emandako produktuak ere.
Udalak emandako diru laguntzari esker, hozkailu ugari erosi ditu Caritasek elikagaiak mantentzeko. (Amaia Ventas Aldabaldetreku).
Caritasek ere erosketak egiten ditu aldian behin. Besteak beste, patatak, oilaskoak, arrautzak, esnea eta haurrentzako esnea erosten ditu.
Behin produktu guztiak lokalean dituztela, garbitu eta sailkatu egiten dituzte. «Egoera txarrean dagoena birziklatu egiten dugu, eta ongi dagoena, poltsetan sartu», azaldu du Cristina Rodriguez Caritaseko boluntarioak. Gero, kaxetan biltzen dituzte askotariko elikagaiak, ondoren familiei emateko.
«Gipuzkoako Elikagai Bankutik eman dizkieten produktuak ez dizkiegu guk banatzen, bestelakoak baizik. Haiek elikagai ez galkorrak ematen dituzte eta guk galkorrak. Hala, bata bestearen osagarri gara», azaldu du Rodriguezek.
Hala ere, elikagai ez galkorrak ere banatzen dituzte Caritaseko boluntarioek. Kalkulatzen dute familia horiek zer jaso duten Elikagai Bankutik, eta zenbait produktu agortutakoan, haiek ematen dizkiete.
Inoizko banaketa handiena
Nagusilaneko boluntarioek bi edo lau aldiz egiten dute elikagai banaketa urtean, Gipuzkoako Elikagai Bankutik jasotako produktu kopuruaren arabera. «Aurten inoiz baino janari gehiago eskuratu dugu Gipuzkoako Elikagai Bankutik, 17 tona, hain zuzen ere. Zailtasunak izan ditugu horiek antolatzeko ere, eta onuradunei autoan zein karroekin etortzeko eskatu diegu, horiek garraia ditzaten», azaldu du Jose Inazio Urretabizkaia Nagusilaneko boluntarioak.
Jasotako guztia sailkatu egiten dute, beharra duten familiek elikagai kopuru bera jaso dezan. Denera 22 boluntariok egiten dute lan. Denak dira adinekoak eta adinekoei ere laguntzen diete, musutruk. Besteak beste, Santa Ana egoitzatik paseatzera ateratzen dituzte, irteera bereziak antolatzen dituzte, txokolatadak egiten dituzte, medikura laguntzen diete.
«Haiek animatzen eta haiekin egoten saiatzen gara; izan ere, adinekook pairatzen dugun arazo nagusia bakardadea da. Horren aurrean, ahal den heinean konpainia egiten diegu», azaldu du Urretabizkaiak.
55 familik dute izena emanda Caritasen eskutik astero elikagaiak jasotzeko. Nagusilanek, berriz, Aia, Aizarnazabal, Getaria, Orio eta Zarauzko 170 familiari banatzen dizkie Gipuzkoako Elikagai Bankuak emandako produktuak.
Hamar bat boluntario aritzen dira elikagaiak sailkatzen eta kaxetan sartzen astero-astero (Amaia Ventas Aldabaldetreku).
Udalaren ekarpena
Ongizateko zinegotzi Gloria Vazquezek goraipatu egin du boluntarioen lana. «Oso lan garrantzitsua egiten dute boluntarioek eta beharbada ez da ongi ezagutzen». Lan hori zarauztarrei ikusarazteko beharra nabarmendu du, boluntarioek «gogo eta ahalegin guztia» jartzen dutelako beharra dutenei laguntzeko.
Era berean, jakinarazi du Ongizate sailaren ekarpena: «Alde batetik, lokala uzten dugu boluntarioek lan egiteko. Bestetik, garraioaz ere arduratzen da udala. Kamioi batean ekartzen dituzte elikagaiak lokalera». Gizarte langileen lana ere nabarmendu du. Haiek beharra duten pertsonekin harreman zuzena dutela azaldu du Vazquezek: «Zerrenda bat egiten dute behar ekonomikoak dituzten pertsonen izenekin eta lokalera helarazten dute, Zarauzko Elikagaien Bankuko boluntarioek banaketa egiteko erabil dezaten». Caritasek ere bere aldetik kudeatzen ditu eskaerak, beharra duten pertsonei laguntzeko.
Horrez gain, diru laguntza bat eskaini dio udalak Caritasi, 29.000 eurokoa, zehazki. Diru kopuru horrekin, elikagaiak erosteaz gain, hozkailu berriak erosi dituzte janaria gordetzeko. «Hozkailuak oso lagungarriak dira boluntarioek beren lanahobeto egiteko; izan ere, hemen elikagai galkorrak kudeatzen dituzte, eta horiek mantentzeko beharrezkoak dira, lehengoak zaharrak zirelako».