Iturria: Urola Kostako Hitza
Zarauzko Udal Gobernuak ohar bidez jakinarazi du ostiral arratsaldeko lehen orduan, Siriako eta gerrako errefuxiatuei laguntzea adostu duela.
Hau da oharra, osorik:
Siriako errefuxiatuak bizitzen ari diren tragediaren aurrean eta urgentzizko neurri gisa, EAJ eta PSE-EEk osatzen duten Zarauzko udal gobernuak Acnur-i 2.000 euro ematea adostu du. Ostegunean egindako batzordean gai honen inguruko kezka azaldu zuten udaleko alderdi guztiek eta hartutako neurriaren alde agertu ziren. Gainera, gaia lantzeko bozeramaile batzordea deitu dute datorren astelehenerako.
Halaber, zarauztarrek errefuxiatuen alde erakutsi duten elkartasuna nabarmendu du gobernuak. “Nahiago genuke masakre hau gelditu, baina, guztien artean laguntza eskaini diezaiekegu”, azaldu du Garapenerako Lankidetzako zinegotzi Gloria Vazquezek.
Datorren astelehenean ere lehendakaria, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia eta Eudel elkartuko dira Bilbon gaia lantzeko eta udal gobernuak bertan adostutakoaren alde egingo duela jakinarazi du Xabier Txurruka alkateak.