«Ezkerreko politiketan oinarritutako programa» osatu dute, herriko hainbat arlotako eragilerekin batera. Gloria Vazquez da alkategaia, eta Pablo Garcia eta Patxi Elola ondorengoak.
Iturria: UrolaKostakoHitza
«Herritarren bizi kalitatea hobetzea» du helburu Zarauzko PSE-EEk datozen lau urteetan, «ezkerreko politikak aplikatuz, garapen iraunkorra oinarri hartuta eta kudeaketa arduratsua, eraginkorra eta gardena» eginez. 181 proposamen jaso dituzte herri programan, askotariko eragileekin bildu ostean.
Bost ardatz ditu programak. Batetik, garapen ekonomikoa eta enplegua sustatzeko asmoa dute. Zentzu horretan, fiskalitate mailakatua aplikatu, ekintzailetasuna lagundu, eta etxebizitza hutsen inguruko errekargua %50 jaitsi eta sakon aztertzeko konpromisoa hartu dute, besteak beste. Halaber, Salberdingo proiektua eta Errotaberri aurrera eramateko asmoa dute.
Bestetik, PSE-EErentzat «funtsezkoa» da ongizatea, eta saila indartzeaz gain, jangela soziala sortu, Fiare garatu, Udaberriren kudeaketan lagundu, eskola publikoari lehentasuna eman eta euskara indartu behar direla diote, baina «inposaketarik gabe».
Kirol arloan, ekipamenduak indartzea «beharrezkoa» da, «egungoak txiki geratu direlako». Gauza bera gertatzen da kultur azpiegiturekin. Horregatik, egun herrian dauden ekipamenduen antolaketa aztertu eta berriak sortzea proposatu dute, «inbertsio handirik egin gabe».
Bestalde, mugikortasun iraunkorra eta auzoetako irisgarritasuna bermatuko dituzte, gazteek etxebizitza bat eskuratzeko laguntzak eman eta TAO herri guztira zabaltzearen inguruko galdeketa egin.
Ingurumenaren alorrean, berriz, gerriko berde-urdina garatzeko asmoa erakutsi dute eta hondakinen bilketa sistema «indartsuago» bat jartzekoa, Garbigunea zabaltzeaz gain.
Bizikidetza arloan, berriz,Giza Eskubideen inguruko prozesu parte-hartzailea abiatzeko asmoa dute, presoen familiei eskaini ohi zaizkien laguntzak kendu eta biktima oro aitortzekoa. Berdintasuna «are gehiago» bultzatu nahi dute, herritarrak udalera hurbiltzeko bidea «erraztu» eta parte hartzea sustatu. ezkertoki.wordpress.com blogean dago ikusgai PSE-EEren herri programa, eta datozen egunetan banatuko dute herritarren etxeetara, postaz.
Parekidetasuna ere bai
«Esperientzia, berritasuna eta parekidetasuna» uztartzen dituen zerrenda aurkeztu du PSE-EEk, 11 emakumez eta 10 gizonez osatua. Vazquez da zerrendaburua, Garcia bigarrena eta Elola hirugarrena.
Ondokoek osatzen dute taldea: Alma Fernandezek, Edurne Domingorenak, Azpeitiak, Rosa Rodriguezek, Joxe Mari Arratibelek, Enara Agirrezabalek eta Iñaki Epeldek, besteak beste.