Iturria eta argazkia: Urola Kostako Hitza
«Entzuteko bokazioa dugu», diote Zarauzko PSE-EEko ordezkariek. Gogoratu dute aurreko agintaldian Parte Hartzeaz arduratu zirela, eta askotariko prozesuak abiatu zituztela, TAOri buruz, bidegorriari buruz eta itsas pasealekuan bizikleten erabileraren inguruan, besteak beste. 2011ean ere programa parte hartze prozesu baten bidez prestatu zuten, eta aurten ere gauza bera egin dute. «Itxasmendi eta Vista Alegreko auzotarrekin zein elkarteetako eta enpresetako ordezkariekin bildu gara zuzenean haien eskaerak jasotzeko», zehaztu dute. Ekarpen horiek afiliatuekin eta aldekoekin aztertzen ari dira programa osatze aldera.
Hala ere, oraindik ere proposamenak egiteko aukera egon, badagoela nabarmendu dute. Interesa dutenek pse.ee.zarautz@hotmail.com helbidera mezua bidali, 943-133153 telefonora deitu, http://ezkertoki.esy.es webgunera argazkiak igo zein zuzenean PSE-EEko ordezkariekin hitz egin dezakete, euren egoitzara eta udaletxeko bulegora joz.
«Gardentasunean eta herritarrenganako erantzunkidetasunean sinisten dugu». Horregatik, haien arabera, «beharrezkoa» da udalak kudeaketarako eta informaziorako tresnak izatea. «Zentzu horretan, lanean ari gara udalak salaketa argazkiak zintzilikatu ahal izateko webgune bat sortzeko. Herritarrekin zuzeneko komunikatzeko erreminta bat sortzeko. Udalak entzun eta haren kudeaketaren berri emateko tresna bat».
Hori lortu bitartean, http://ezkertoki.esy.es webguneak horretarako aukera eskaintzen duela gogoratu dute. «Zarauztar askok helarazi dizkigute haien kezkak eta proposamenak webgunearen zein helbide elektronikoaren bitartez. Gehienak zikinkeriari eta bandalismoari lotutako zein gaizki aparkatutako autoen inguruko kexak dira». Horiek guztiak Udal Gobernuari jakinarazi dizkiote PSE-EEko ordezkariek, «ahal bezain pronto» konpon ditzan.