Gloria Vazquez (PSE-EE) eta Jesus Arana (EAJ), udal aurrekontuen proposamena aurkezten (Aritz Mutiozabal).
Argazkia eta iturria: Urola Kostako Hitza
Zarauzko Udal Gobernu taldeak (EAJ eta PSE-EE) 2016rako udal aurrekontuen proposamena aurkeztu berri du. Udal Gobernu berriaren lehen aurrekontuak dira honakoak, eta bertan islatu nahi izan dituzte herritarrekin, elkarteekin eta eragileekin izandako bileretan haiengandik jasotako beharrak eta nahiak. Era berean, aurreko astean abian jarritako parte-hartze prozesuan bildutako zenbait proposamenak txertatzen saiatu dira. “Egunerokotasuna ahaztu gabe, etorkizuneko Zarautz eraikitzen hastea du helburu. Horretarako behar diren balibideak aurrekontu honetan islatzen hasiak daude”, aditzera eman du Ogasun zinegotzi Jesus Aranak (EAJ).
Guztira, 36.031.995 euroko aurrekontuak proposatzen ditu Udal Gobernuak. “Horiek herritarrei eta beraiek sortutako elkarte nahiz erakundeei begira daude. Zarautz zaindu beharreko lurralde eta ingurumen bezala eginak daude, baita Zarauzko Udalari erakunde bezala eginak ere”, nabarmendu du Aranak.
Zarauzko Udalaren diru sarrera garrantzitsuena Udal Finantzaketarako Foru Fondoa da, eta datorren urterako 14.236.936 eurokoa izatea aurreikusten dute; hau da, herritar bakoitzeko 622 euro jasoko ditu udalerriak Gipuzkoako Foru Aldunditik. Udalaren diru sarreren %40a izango da. Ordenantza fiskalen bitartez ere sarrera lortuko dituzte, eta horien artean nagusiena da Hondasun Higiezinen gaineko Zergatik jasoko dutena: 4.225.000 euro; diru sarreren %12a. Horrekin batera: plusbaliak (1.650.000 euro); trakzio mekanikoko ibilbgailuen zergak (1.500.000 euro inguru); eta zergak nahiz tasa ezberdinak eta abar. Udal Gobernuak proposatzen dituen 36 milioiko aurrekontuak osatzeko, 2.400.000 euro inguruko mailegu bat eskatzea aurrekusten dute.
Aurreikusitako egitasmoak
Aurrekontuetako zati garrantzitsuetako bat herritarrentzako zerbitzuetara bideratuko dute. Garapen ekonomikoari ez ezik, herri garapenaren ildotik urratsak ere eman dituztelña adierazi du Ogasun zinegotziak. Datorren urteari begira partida bat prestatu dute Zarautz 2015 plan estrategiko bat martxan jartzeko. Horrekin batera, beste plan bat jarriko dute abian: bertako merkataritza berrindartzeko plan berezi bat. Ekonomiaren arloan, besteak beste: Smart Zarautz programa, lehen sektorea indartu (baserri bideentzako partida bat), Urkomerekin hainbat programa, enplegua sortzeko partida bat Urola Kostako Udal Elkartearekin elkarlanean, eta industria berrindartzea (Errotaberri industrialdea).
“Barrura begirako lanean”, Zarauzko Udala “zerbitzu erakundea” gisa hartuta: herritarren arreta zerbitzu berria; zerbitzu fitxak eta liburu bat osatu (tramite ezberdinak egiteko datu eta informazioarekin); gardentasuna (Zarauzko webgunean Zarauzko Udalaren datu guztiak ikusgai); udaleko langileentzako prestakuntza plana…
Mugikortasunaren arloan: Itxasmendi auzoaren sarreran biribilgunea egiten hasi eta bukatu; TAO zerbitzu berria martxan; Santa Klarako lur azpiko pasabidea 2016ko udazkenerako (ETSrekin egindako akordiori esker, udalari ez dio kosturik suposatuko) eta horrekin lotuta, herriguneko bigarren peatonalizaio fasea; auzoz auzotako ingurumen lanekin jarraitu eta garbiketa zerbiztua indartu; alfaltatze plana…
Kultura, euskara eta gazteria: Modelo aretoarako plan berezia; gazteria plana; musika eskolari azken bultzada, finkotasuna emateko eta abar.
Kirolean: errugbiko harmailak; Astiko aldagela berriak eta gimnasioa; ZAEren Aiako pabiloirako partida berezia eta abar.
Turismoa: Zarautz ikur gisa aurkezteko lanketa, turismoa ez ezik industria ere erakartzeko; herriko jaiak indartu eta abar.
Etxebizitza politika sustatu nahi dute, alokairu soziala bultzatzeko. Horretarako, 100.000 euroko partida bideratuko dute Zarautz Lurrera.
Gizarte Zerbituzetan: inmigrazioko harrera plana hobetu; gizarte zerbitzuen euskal sistema herrian ezartezko prozesua martxan jarri; Euskadi Lagunkoi sarea; mahai soziosanitariao martxan jarri…
Ongizatean: diru-laguntzen kudeaketari bultzada; etxegabetzeen kontrako partida bat; kooperazio garapenerako aurrekontua, %0,7a lortu nahian agintaldirako; herriko elkarteak bultzatu, diru-laguntzak handituz…
Ingurumenean: politika aktiboak sustatzeaz gain, lursailak erosi (Vista Alegren); Eraztun berde-urdina proiektua garatzeko partida; turismo ekologikoa bultzatu; Agenda 21eko hainbat arlo…
Berdintasun departamentutik 3. plana garatuko dutela, eta Berdintasun ordenantza egingo dutela adierazi du PSE-EEko bozeramaile eta Udal Gobernukokide Gloria Vazquezek.
Batzarra urtarrilaren 14an
Aurrekontuok Udal Gobernuaren proposamenak dira, eta beste alderdi politikoekin adostu nahi dutela adierazi du Jesus Aranak. Urtarrilaren 14an egingo den ez ohiko udalbatzarrera eramango dituzte.