317.336 euro bideratu ditu udalak herritarrei funtsezko gastuetan laguntzeko

400 lagunek jaso dituzte laguntzak. Eskatzaile gehienak bertako emakumeak direla ohartarazi du Gloria Vazquez Ongizateko zinegotziak.

 2016an 180 familiak eskuratu zituzten jakiak Elikagaien Bankutik.
2016an 180 familiak eskuratu zituzten jakiak Elikagaien Bankutik.

Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza

Herriko familiei oinarrizko gastuak arintzeko asmoarekin, Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetatik hainbat diru laguntza eskaini zituzten iaz. Zehazki, 317.336 euro bideratu zituzten; besteak beste, zarautarrek alokairua nahiz hipotekari lotutako eta gasa zein argindar gastuei aurre egiteko, baita bestelako oinarrizko beharrak asetzeko ere.

Gloria Vazquez Ongizateko zinegotziak jakinarazi du 400 pertsonak jaso zituztela laguntzok 2016an, eta horietatik 140 adin txikikoak direla. Zehaztu du laguntzak jaso dituzten pertsonen %34,7a bakarrik bizi dela, %31 guraso bakarreko familietako kide direla, eta %18a seme-alabak dituzten bikoteak. «Azpimarragarriena da eskatzaileen %70a emakumezkoa dela, eta kasu gehienetan, seme-alabak dituztela».

Jatorriari ere egin dio erreferentzia Ongizateko zinegotziak. «Askok uste dute etorkinak direla laguntza horiek eskatzen dituztenak. Datuek, ordea, bestelakoa diote». Haren arabera, eskatzaileen %75a bertakoa da, eta %25a beste herrialde batzuetatik etorritakoa; latino-amerikarrak gehienak. Hala, diru laguntzen garrantzia nabarmendu du. «Garrantzitsua da herritarrek jakitea udalak biltzen duen diru kopuruaren zati bat krisiaren ondorioak pairatzen ari diren pertsonei bideratzen zaiela». Gogoratu du zailtasunak dituzten pertsonek Gizarte Zerbitzuetara jo dezaketela informazio zabalagoa eskuratzera.

Datuak

Laguntza motak. Guztira, 317.336 euro eman zituzte 2016ean Gizarte Zerbitzuetatik, hiru lerrotan banatuta: norbanakoentzako laguntzak (75.390 euro), gizarte larrialdi egoeran daudenei bideratutakoak (192.813 euro) eta zailtasun ekonomikoak dituztenei zuzendutakoak (49.132 euro).

Zertara bideratuta.

Argindarra eta gasa ordaintzeko, %22,12a (70.197 euro).
Hipoteka zein alokairua ordaintzeko, %24a (76.082 euro).
Gizarte Segurantzak bere gain hartzen ez dituen behar pertsonaletarako, %38,5a.
Eskolako materiala eta kirola egitekoa erosteko, 18.673 euro.
Ura eta hondakinen zergak ordaintzeko, 7.906 euro.
Hipotekari, argindarrari edota gasari lotutako zorrak kitatu eta udal zergak ordaintzeko, 13.807 euro.

Herritar kopurua. 400 pertsonek jaso dituzte laguntzak. 180 familiak eskuratu dituzte jakiak Elikagaien Bankutik, 172 familiek jaso dituzte AES laguntzak eta 115ek eskolako materiala erosi nahiz pobrezia energetikoari aurre egiteko laguntzak.

Puede que también te guste...

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *