Laster esleituko dute Astiko transformazio zentroa, eta errugbiko harmailak zein Lizardiko patioa estaltzeko asmoa ere badute.
Denis Itxaso Kirola, Kultura eta Gazteria diputatua (ezkerrean) eta Xabier Txurruka alkatea.
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza
Denis Itxaso Kirola, Kultura eta Gazteria diputatuarekin bildu da gaur eguerdian Xabier Txurruka alkatea, Astiko aldagelen inguruko elkarlan hitzarmena sinatzeko. Duela pare bat hilabete hasi ziren kirolgunean aldagelak zabaltzeko obrekin, eta diputazioak diru-laguntza emateko konpromisoa hartu zuen hori gauzatu ahal izateko. Zehazki, 300.000 euro emango ditu aldundiak, modu horretan, bere gain hartuko du aldagela berrien obraren kostuaren %30a. Horregatik eskerrak eman ditu alkateak: «Benetan eskertzen diogu aldundiari Zarauzko kirol ekipamenduak berritu eta indartzeko egin dugun apustu hau babestu izana».
Itxasok nabarmendu du «Zarauzko kirol ekosistema estrategikoa» dela: «Izan ere, Zarautz izango litzateke Gipuzkoa mailan herri arrakastatsuena bere kirol ereduari dagokionez, kirolari asko dituelako eta baita bere estrukturak oso ongi antolatuta daudelako». Zarautz Kirol Elkarteak kirol sailak nola antolatzen dituen, aldundiarentzat «oso interesgarria» dela adierazi du Itxasok.
Azken hiru urteotan, aldundiak Gipuzkoako udalei laguntzeko plangitza bat eraman du aurrera, eta aurten laguntza hori Zarautzi dagokiola adierazi du Kirola, Kultura eta Gazteria diputatuak, udalarekin elkarlanean, Astiko kirolgunea ahal den neurrian berritzeko. «Jakin badakigu udalek egiten duten esfortzua izugarrizkoa dela, kirolguneak berritu eta mantentzea, orokorrean, oso garestia izaten delako». Zarauzko kirol antolakuntza «begi onez eta interes handiz» ikusi du aldundian, eta horregatik, emango den dirua «oso ongi inbertituta» egongo dela adierazi du Itxasok.
Lizardiko zelaia eta errugbiko harmailak estali
Datorren urtera begira, aldundiak beste plangintza bat jarriko du martxan, lau urtetarako. Helburua kiroldegiak, futbol zelaiak, frontoiak eta bestelako azpiegiturak berritzea da, filosofia jakin bat jarraituz: «Horrelako kirolguneek baliatzen dutela kirol mundura sarbide unibertsala, denontzat pentsatuta dauden guneak direlako». Hori dela eta, proiekturik esku artean izanez gero, udalak egitasmoak aurkeztera gonbidatu ditu. Aurreratu du laster egingo dutela deialdia.
Horri lotuta, etorkizunerako ere erronka berriak dituztela adierazi du Txurrukak, eta espero duela akordio horiek jarraipena izatea. Batetik, gogoratu du ZKEk «behin eta berriz» eskatu duela gune estali bat. «Lizardiko patioa dugu buruan, eta ez buruan bakarrik. Jakinda aldundiak deialdi hori egingo duela, enkargatuta daukagu proiektu bat. Oinarrizko proiektua gauzatu eta kirol elkartearekin zein teknikariekin partekatu dugu dagoeneko. Azken ukituak falta dira proiektu hori ixteko, baina gure asmoa da aldundiak deialdia egiten duenerako mahai gainean izatea». Helburua da zati batean patioa estaltzea urte osoan zehar erabilgarria izan dadin, kiroldegi itxura emanez, bereziki, eskola kirola egiten dutenen gabeziak asetze aldera.
Horrekin batera, alkateak jakinarazi du «laster batean» esleituko dutela Astiko transformazio zentro berria, «argiztapen nahikoa izan dezagun etorkizunean, instalazioen baldintzak hobetuz».
Era berean, gogoratu du udalak errugbiko harmailak estaltzeko konpromisoa ere hartu duela. «Urte luzez agindu dio udalak errugbi taldeari hori, eta uste dugu eurek txapela irabazi aurretik, merezi dutela harmailei ere txapela jartzea», dio alkateak. Aurreikusi du denboraldia amaitu baino lehenago egingo dutela hori. «Aurrekontuetan zein Agintaldiko Planean jasoa dago, eta oraingoan bai, badijoa aurrera».