Bertan jaso dituzte agintaldirako helburu estrategiko nagusiak lortzeko jarduera garrantzitsuenak. 131 ekintza zehaztu dituzte eta 14.352.000 euroko inbertsioa aurreikusi.
Ezkerretik, Pablo Garcia, Gloria Vazquez, Xabier Txurruka, Jesus Arana eta Iratxe Zorrozua. (A. Ventas Aldabaldetreku)
Argazkia eta iturria: Zarauzko Hitza.
Udal Gobernuaren «etorkizuneko lan tresna» aurkeztu dute gaur eguerdian: 2015-2019 Agintaldirako Plana. Datozen urteetako erronkei erantzuteko sortu dute, eta bertan jaso dituzte helburu estrategiko nagusiak lortzeko jarduera garrantzitsuenak. Xabier Txurruka alkatearen arabera, , udal langile eta teknikarien laguntzarekin, agintaldi honetako ekintza politikoa «behar bezala» planifikatu dute horren bidez.
Horregatik, gaurkoa «egun pozgarria» dela adierazi du alkateak; izan ere, bederatzi hilabete pasatu dira Udal Gobernu berria lanean hasi zenetik eta gaur «erditu» dute hilabeteotan landu duten plana. Txurruka berak eta Jesus Arana zein Gloria Vazquez zinegotziek eman dute planaren xehetasunen berri.
Hiru arlo nagusitan banatu dute gobernu ekintza: Herritarrak, Lurraldea eta Udalaren antolakuntza. «Plan honek udal antolaketa eta kudeaketa eraldatu nahi ditu», dio alkateak: «Zarauztarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuen kalitatea etengabe hobetzea da helburua, proiektu zehatzea jardun ildo nagusiak zehaztuta». Guztira, 131 ekintza zehatz jaso dituzte, hiru ildo nagusi horietan banatuta. 14.352.000 euroko inbertsioak egingo dituztela aurreikusi du Txurrukak agintaldi honetan eta datak ere zehaztu dituzte kronografia baten bitartez.
Aranak azaldu ditu Antolakuntza arloko xehetasunak. Haren arabera, 4 helburu nagusi eta 36 ekintza zehatz ditu. Horretarako, egunerokotasunetik at, 196.000 euro inbertsio bideratuko dituzte. Hona hemen helburuak eta ekintza batzuk, zerrendatuta:
- Zerbitzuak herritarrengana hurbiltzen jarraitzea: HAZ Herritarren Arreta Zerbitzu integrala udaberrian martxan jartzea; udalak eskaintzen dituen zerbitzu telematikoak zabaltzea; udal zerbitzuen katalogoa egitea eta dokumentazio zentro berria sortzeko urratsak ematea.
- Administrazio eta lan prozesuak hobetzea: espedienteak eta barne prozesuak hobetzen eta sinplifikatzen jarraitzea eta antolakuntza instituzional berria egokitzea; hiru informazio batzordera egokitzea eta bideo akta sistema abian jarraitzea.
- Giza baliabideak optimizatzea: lan eskaintza publikoa martxan jartzea; langileen etengabeko prestakuntza bultzatzea eta laneko arriskuen prebentzioa bermatzea.
- Informatikako eta komunikazioko aplikazioak garatzea: web orri berria garatzea; telefono gunea berritzea; bideo zaintza eta beste hainbat sistema bateratzea eta dokumentuak kudeatzeko sistema berriak ezartzea.
«Gobernua ekintza guztiak herritarrei daude zuzenduta; horrela izan behar du derrigorrez», nabarmendu du Vazquezek. Hura arduratu da Herritarrak arloa azaltzeaz. Haren arabera, 7 helburu nagusi ditu atal horrek eta horiek lortzeko 60 ekintza zehaztu dituzte. Guztira, 7.141.000 euro bideratuko dituzte arlo horretarako. Hona hemen helburuak eta ekintza batzuk, zerrendatuta:
- Herritarren ongizatea bermatzea, orain arteko eskaintza zabalduz: etxelaguntza zerbitzua beste kolektiboetara zabaltzea; errenta baxua dutenentzat diru-laguntza sortzea (600.000 euro); etxegabetzeen protokoloa abiatzea; beste hainbat egitasmo abian jartzea, ikaslaguna eta lagunkoia, esaterako.
- Herritartasun aktiboa sustatzea: Zarauzko kultur ondarearen ekintza plana garatzea; kultur jarduerak zabaltzea; liburutegi digitala martxan jartzea; Kirol Plana garatzea; Gaztematika programa abiatzea; boluntarioen lana bultzatzea; berdintasunaren bidean pausuak ematea, garatu duten III. Parekidetasun Plana oinarri hartuta eta Berdintasun Ordenantza garatzea.
- Udal ekipamenduak egokitzea (3.960.000 euro): Sanz Eneako 1. eta 2. solairuak liburutegi bihurtzea; Modelon egokitzapen lanak egitea; Astiko kirol azpiegiturak egokitzea (1.340.000 euro); Lizardiko kirol pista estaltzea (500.000 euro); Udaltzaingoaren eraikin berria martxan jartzea (660.000) eta Emakumearen Etxea sortzea (300.000 euro).
- Euskararen erabilera sustatzea: hizkuntzaren transmisioa bultzatu eta Euskaltegian ikastaro berriak antolatzea, besteak beste.
- Garapen iraunkorra bultzatzea: Mugikortasun Plana egitea; bizikleta bideen sarea osatzea; autobusaren hirugarren linea aztertu eta ezartzea; Bidezko Merkataritzaren aldeko hiria izendatzea eta eraztun berde-urdina martxan jartzea.
- Garapen ekonomikoa sustatzea: enplegua sustatu eta enpresei laguntzeko diru laguntza plana ezartzea; turismoa bultzatu plan estrategiko baten bitartez; landa garapena eta baserria garatzea; merkataritza biziberritzeko plana martxan jartzea eta Zarautz 2025 Plan Estrategikoa garatzea.
- Herritarren parte hartzea sustatu: Bizikidetza Plana garatzen ari dira udal talde guztien artean; herritarrekiko komunikazioa hobetzea eta parte hartzea bermatzea eta Plangintzako Aholku Batzordea martxan jartzea.
Lurraldea atalean, 5 helburu nagusi jaso dituzte eta 7.015.000 euro inguru gorde inbertsio nagusiak bultzatzeko. Hona hemen helburuak:
- Zarauztarrei etxebizitza babestuak eta eskuragarriak eskaintzea: Aldapeta sustatzea; Salberdin lehen fasea garatzea; Irita sustatzea eta etxebizitza hutsak alokairuan ateratzeko diru laguntzak bideratzea. 850.000 euroko inbertsioa egingo dute horretarako.
- Errotaberri industria sektorea garatzea: 600.000 eurorekin urbanizazioa martxan jartzea.
- Zarauzko ingurumena natur-guneak eta bioaniztasuna hobetzea eta ezagutaraztea: 1.355.000 euro bideratuko dituzte horretarako eta, horien artean, Iñurritza errekaren ingurumena hobetuko dute, 780.000 eurorekin.
- Espazio eta bide publikoen kalitatea eta irisgarritasuna hobetzea: 3.365.000 euroko inbertsioarekin, Alde Zaharra oinezkoentzat jartzeko proiektua (1.195.000 euro) eta Itxasmendiko biribilgunea (375.000 euro) osatzea. Horrez gain,Auzoz auzo programa bultzatzen jarraituko dute, 800.000 eurorekin.
- Udal eraikinen eta azpiegituren eraginkortasun energetikoa hobetzea: kale eta urbanizazioak birgaitzea (545.000 euro); Salbideko parke estalia egitea (300.000 euro) eta ur hornidura eta saneamendua hobetzea (820.000 euro).
Txurrukak jakinarazi du ekintza horiek ez direla guztiak: «Egunerokotasunean askoz ere zerbitzu gehiago eskaintzen ditu udalak, baina ohikotasunetik ateratzen direnak nabarmendu nahi izan ditugu».
www.zarautz.eus dago ikusgai eta deskargatzeko moduan eta udaletxean eskuragarri papereko formatuan.