Tindufeko kanpalekua. Aitor Manterola
Argazkia eta Iturria: Urola Kostako Hitza
Pasa den hilaren 17an hasi ziren euriteak Tinduf (Aljeria) astintzen, eta iragarpenen arabera, datozen egunetan ez da geldituko. Askotariko kalteak eragin dituzte uholdeek, eta datuen arabera, errefuxiatuen kanpalekuetako 2.550 jaima eta adobezko etxe inguru hondatu dira. Horrekin batera, oinarrizko baliabide gabe geratu dira familia asko eta asko. Kanpaleku kaltetuena Auserdekoa wilaya izan da, Gloria Vazquez Zarauzko Garapenerako Kooperazioa saileko arduradunak zehaztu duenez.
Hondamendiaren aurrean, Saharako Ilargi Erdi Gorriak eta Saharautz Sahararen elkartasunerako erakunde zarauztarrak laguntza eskatu dute, eta Zarauzko Udalak erantzun du dagoeneko. Hain zuzen, 2.500 euro bideratu dizkio Ilargi Erdi Gorriari.
«Errefuxiatuen kanpalekuetan egoera oso larria da», nabarmendu du Vazquezek. Hori dela eta, zarauztarrei dei egin die euren alea jartzeko Tindufeko kanpalekuetako errefuxiatuei laguntzeko. Interesa dutenek euren ekarpena egin dezakete Ilargi Gorriaren Sabadelleko kontu korrontean (ES84-0081-0655-63-0001351540).